https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Buenos Airesko unibertsitate bateko ordezkariak, Bilbon, hiri eraldaketa eredua ezagutzeko

Buenos Airesko unibertsitate bateko ordezkariak, Bilbon, hiri eraldaketa eredua ezagutzeko

Belgranoko Unibertsitateko 21 ikaslek eta bost irakaslek osatutako ordezkaritza bat hurbildu da Bizkaiko hiriburura, hiri eraldaketarako ereduaren eta hiribilduan aurreikusitako planen berri izateko

EL CORREO

Buenos Airesko Belgranoko Unibertsitateko 21 ikaslek eta bost irakaslek osatutako ordezkaritza bat Bilbon dago, hiri eraldaketarako ereduaren eta hiribilduan aurreikusitako planen berri izateko. Arkitektura eta Hirigintza Fakultateko kideak dira denak, eta bisita 'Testuinguru globaletan profesionalki aritzea' programaren barruan dago.

Bilboko Udalak jakinarazi duenez, bisitaren helburu nagusia da bertatik bertara ezagutzea zein izan den Bilboren hirigintza eraldaketa eta zeintzuk diren hiriak alor horretan aurreikusi dituen planak, besteak beste, Zorrotzaurreko Masterplana.

Lehenengo hitzordua ostegun honetan izan da, Deustuko Unibertsitatean. Bertan, Bilboren eraldaketa prozesua aztertzen duen 'Deustu Cities, hiri berrikuntzaren inguruko ikerketa-irakaskuntza-ekintzarako eragile gisa' katedra aurkeztu da. Ondoren, Bilbao Ekintza udal sozietatearen egoitzan, etorkizuneko Bilboren garapenerako gako izan den Zorrotzaurreko proiektuan sakondu ahal izan dute ikasle eta irakasle argentinarrek.

Amaitzeko, gaur ostiralean, martxoaren 8an, Ibon Areso alkate ohiak egingo die harrera, eta hiribilduak azken hamarkadetan izan dituen hirigintzako aldaketei buruzko azterketa azalduko die.

Azken urteetan, hiri desberdinetako ordezkari politikoak izan dira Bilbon hiri eraldaketa eredua ezagutzeko asmoz. Uztailean Argentinako Panpako ordezkariak Bizkaiko hiriburura hurbildu baziren ere, Austria, Txina etab.eko politikariak bertan izan dira ere bai helburu berdina lortzeko asmoarekin.

Temas

Euskera