https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bueltan da EH Sona Bartzelonan urtero egiten den euskal musika jaialdirik handiena

Bueltan da EH Sona Bartzelonan urtero egiten den euskal musika jaialdirik handiena
Etxepare Euskal Institutua

Azaroaren 22ra arte euskal musika kataluniar hiriburuko bazterren jaun eta jabe izango da

UNAI SARRIUGARTE

Bueltan da EH Sona, Bartzelonan urtero egiten den euskal musika jaialdirik handiena. Aurtengoa festibalaren 22. urteurrena izango da eta azaroaren 22ra arte euskal musika kataluniar hiriburuko bazterren jaun eta jabe izango da.

Bartzelonako Euskal Etxea da musika jaialdi honen antolatzailea. Elkarte hau Katalunian euskal musika zabaltzeko xedea duen plataformarik handiena da. Bartzelonako Euskal Etxeak Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean abiarazitako egitasmoa da hauxe eta Euskal Herriaren eta Kataluniaren arteko harreman kulturala sendotzea du helburu.

Urterolez aurtengo ediziorako egitarau oparoa prestatu dute. Hauxe bi sailetan banatuta egongo da: batetik, hirian barrena dauden areto ezberdinetan hainbat euskal taldek musika emanaldiak eskainiko dituzte; eta, bestetik, musika hutsetik kanpo geratzen diren zenbait tailer eta emanaldi jorratuko dituzte.

Aipatu dugunez aurten Bartzelonan ikusgai egongo diren musika taldeen eskaintza zabala izango da. Irailaren 21ean Euskal Etxean Egurra eta Kitto taldea egongo da ikusgai. Era berean, urriaren 4ean Ateneun Mice taldea ibiliko da oholtza gainean. Urriaren 13an, berriz, Fabra i Coats espazioan bisitariek Ainara LeGardon eta Lisabö ikusteko aukera izango dute.

Bestalde, Nikotina eta Bad Sound musika bandak urriaren 18an Euskal Etxean kontzertua eskainiko du. Ondoren, Trakamatraka, Onki Xin, Belatz, Eskean Kristo eta Anita Parker euskal taldeek urriaren 19an Ateneu l'Harmonian musika jardunaldi berezia ospatuko dute. Azkenik, Zea Mays taldea agertoki gainean arituko da azaroaren 22an Sidecar aretoan.

EH Sona jaialdiaren kartela eta egitaraua, urtero bezala, Bartzelona ondoko Vic herrian egiten den Mercat de Musica Viva de Vic jaialdiko ekitaldi batean aurkeztu zuten pasa den ostegunean, irailak 19.