https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Brexitak kolokan jarri ditu datorren urteko ehun euskal ikasleren Erasmus bekak

EHUk aukera ematen die Eskoziako Aberdeen Unibertsitateko ikasleei Erasmusa bertan egiteko./
EHUk aukera ematen die Eskoziako Aberdeen Unibertsitateko ikasleei Erasmusa bertan egiteko.

Britainia Handia Europar Batasuneko laugarren helmuga ezagunena da Erasmus programan

UNAI SARRIUGARTE

Erasmus mugikortasun programak zalantza uneak bizitzen ari dira akordio gabeko Brexitaren ondorioz. Aurten EHUko 45 ikasle daude mugikortasun programa hau egiten Britainia Handian eta hango 16, berriz, Euskadin. Aurtengo ikastaroko ikasleentzat ez da arazorik izango, baina, datozen urteetakoen egonaldia arrisku larrian egon daiteke akordiorik ez bada lortzen.

Madrileko Complutense Unibertsitateak igorritako datu batzuen arabera, Britainia Handiak beste herrialde batzuetara bidaltzen dituen ikasleen bikoitza jasotzen du. Europar Batasuneko laugarren helmuga ezagunena da. Izan ere, Espainia, Alemania eta Frantziaren ondoren erasmus ikasle gehien hartzen dituen herrialdea dugu.

EHUko 1.800 euskaldun dira erbestean Erasmus programaren barruan eta horietatik 45 Britainia Handian ari dira ikasten. Gurean, ordea, 1600 dira atzerritarrak, horietako 16 Erresuma Batukoak. Erasmus programa egiten duten euskal ikasleek Alemania, Frantzia, Europako Iparraldea eta Britainia Handia aukeratzen dituzte gehienbat.

Datorren ikasturterako Espainiar estatuko 2.600 ikaslek egingo dute Britainia Handian egonaldia egiteko Erasmus eskaria. Hauetako ehun inguru euskal ikasleak izango dira: 50, EHUkoak; 40, Deustuko Unibertsitatekoak; eta, zazpi Mondragon Unibertsitatekoak.

Elkarlanean jarraitzeko prest

Lehendabiziko Erasmus Programa Bruselan jarri zen martxan, 1986ko urtarrilean, sei urtez Europako hainbat unibertsitatetako ikasleen arteko truke probak egin eta gero. 1987-1988 ikasturtean 3.244 ikaslek osatu zuen lehenengo Erasmus belaunaldia. Gaur egun, 3,5 milioi pertsona baino gehiagok parte hartu dute 31 urte daramatzan programa honetan.

Erasmus programak ikasle ezberdinei lauhileko edota ikasturte oso bat Europako unibertsitate batean ikasteko aukera eskaintzen die. Irakasgai ezberdinak baliozkotu egiten dira. Europar Batasunak 300 euro hileko laguntza ekonomikoa eskaintzen du. Zifra hori Eusko Jaurlaritzak emandako laguntzak osatzen du.

EHUko mugikortasunaren arduradunak nabarmendu duenez Britainia Handiko unibertsitateen hainbat mezu jaso dituzte, EHUrekin elkarlanean jarraitu nahi dutela esanez. Era berean, Euskal Herriko Unibertsitatea Britainia Handiarekin elkarlanean jarraitzeko prest dagoela adierazi du. Baina, beste programaren batean edota beste marko batean izango litzateke.