https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bost obra sortu ditu EOSek Elkanoren mundu biraren 500. urteurrenerako

Proiektuaren amaieran CD bat argitaratuko dute Mikel Chamizoren 'Espedizioaren irteera, 1519', Mikel Urquizaren 'Hego Amerika', Joël Mérah-ren 'Ozeano Barea, Asia', Teresa Catalán-en 'India, Afrika' eta Zuriñe F. Gerenabarrenaren 'Itzulera, 1522' kantuekin

AMALIA IBARGUTXI

Juan Sebastian Elkanok munduari egindako lehen biraren 500. urteurrenaren harira, bost obra sortu dituzte bost euskal konpositorek, Mundubira proiektua osatuko dutenak. EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak «espedizio musikala» egingo du, abestietako bakoitza programa bereizi batean aurkeztu eta grabatuz, gero proiektuaren amaieran CD batean argitaratzeko guztiak.

Mikel Chamizoren 'Espedizioaren irteera, 1519', Mikel Urquizaren 'Hego Amerika', Joël Mérah-ren 'Ozeano Barea, Asia', Teresa Catalán-en 'India, Afrika' eta Zuriñe F. Gerenabarrenaren 'Itzulera, 1522' taularatuko dituzte EOSen 2019/2020, 2020/2021 eta 2021/2022 denboraldietan.

Euskadiko Orkestrak, «gure historiarekiko hausnarketa eta erantzukizun prozesu» baten emaitza moduan deskribatu du ekimena. Elkano aztertu, ikertu eta arakatzeko lanean ekarpena egitea du helburu EOSek proiektu honekin. Kantu-sorkuntzaren ibilbidean, «berebiziko» garrantzia izan du Robert Treviño zuzendariaren lanak.

Eresbil Euskal Musikaren Artxibategian bildu dute proiektua sortzeko beharrezko informazioa, «Elkano eta bere mundubira musikala egituratzeko» lanetan. Bost euskal konpositoreen proposamenek «munduaren bira berritzailea» osatuko dute, orkestraren arabera.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Orkestrako presidenteak proiektu honen garrantzia nabarmendu du, eta Euskadiko Orkestraren inplikazioa eskertu.

Bost egileek espedizioan abiatu ziren bost ontziei egiten die erreferentzia. Chamizoren lana udazkenean aurkeztuko dute, Urquizarena 2020ko udaberrian, Mérah-rena 2020ko udazkenean, Catalánena 2021eko udaberrian eta Gerenabarrena, 2022ko udaberrian.

Temas

Euskera