https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bost artistaren lanek beteko dute Rekalde Aretoa

'Barriek 2019' programaren aurkezpena./
'Barriek 2019' programaren aurkezpena.

'Barriek 2019' programan, duela zenbait urte beka jaso zuen artista baten lana berreskuratu dute, eta aurtengo edizioko bekadunen lanak ere erakutsiko dituzte. Batetik, Cristina Gutiérrez Meurs, 2005. urtean foru erakundearen beka jaotakoa; bestetik, Endika Basaguren, Oihane Iraguen, Irati Urrestarazu eta Pau Figueresen lanak egongo dira ikusgai Kabinete Abstraktuan

AMALIA IBARGUTXI

Cristina Gutiérrez Meurs artistaren lanarekin erakusketa antolatu dute Rekalde Aretoan, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen Barriek 2019 programaren baitan. Gutiérrez Meurs izango da lehenengo erakusketako protagonista, eta ondoren, Endika Basaguren, Oihane Iraguen, Irati Urrestarazu eta Pau Figueresek beren lanak jarriko dituzte ikusgai Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktuan.

Urtero egiten da programa foru erakundearen Arte Sorkuntzarako Bekak jaso dituzten sortzaileen lan plastiko eta bisualak erakusteko. Zehazki, Barriek 2019 ekimenean, 1+4 artista multzoa aurkeztuko da, hau da, programaren bitartez duela zenbait urte beka jaso zuen artista baten lana berreskuratu dute aurtengo edizioko bekadunen erakusketen txandei hasiera emateko. Horrela, Cristina Gutiérrez Meurs-ek, 2005. urtean foru erakundearen bekarako hautatuak, orain beka jaso duten gazteen aurkezpena egingo du nolabait.

Martxoaren 10ra arte bisitatu daiteke artista honen 'Trapos sucios' izeneko erakusketa. Erakusketak txandaka erakutsiko dituzte, bi hilerik behin aldatuta, 2019 osoan zehar.

Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatuak nabarmendu duenez, ekimenaren helburu nagusia da «Bizkaiko sormen-talentuen lana ikusaraztea eta ibilbide artistikoan laguntza ematea».

Barriek programarekin, helburu «argia» du Aldundiak: «gizarteari sormen artistikoko beka bat jaso duten artista bizkaitar berriak ezagutaraztea, bai eta haien lehenengo urratsak sustatzea eta sormen plastiko zein bisuala garatzeko baldintza egokiak sortzea ere. Ekimen honek eta antzeko beste batzuek artista gazte onen talentua sustatzeko balio dute eta paregabeko erakusleiho bihurtzen dute Rekalde Aretoa, egunero ehunka bisitari dituen tokia baita».

Hurrengo erakusketa martxoaren 12tik maiatzaren 5era egingo du Endika Basaguren bilbotarrak, 'Memoriaren aztarnak ezabatu' izenburukoa. Proiektu honetan, bideoz eta argazkiz osatutako aurreko lanaren zati handi bat suarekin suntsituko du. Artistaren iritziz, «ezinezkoa da gure iragana erabat ezabatzea, eta gure oroitzapenak gogora ekarriz errealitateak zentzua hartzen du, gure nortasun pertsonala berresten dugu».

Maiatzaren 7tik ekainaren 30era, Oihane Iraguenek ikus-entzunezkoak eta eskultura lantzen dituen erakusketa jarriko du ikusgai aretoan; Irati Urrestarazuk ere eskultura landu du azkenaldian, eta horiek erakutsiko ditu uztailaren 2tik irailaren 1era arte; eta Pau Figeresek, azkenik, irailaren 3tik urriaren 20ra, 'Donde las patatas, la Coca-cola y la Fanta' izeneko proiektua eramango du Rekaldera, «iraganeko objektuen eta orainaldia eraikitzen dutenen arteko nahasketak» osatutakoa.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos