https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bost artistarekin bost erakusketa antolatu ditu Expodistritok

Udaltegiek txandaka jasoko dute Benkhayren, Simin Shahrokhiren, Bizitegi Arte Taldearen, Maite Márquez Peñaren eta Miguel Corderoren lanak ezagutzera emateko aukera. Gainera, 'Kalea Bilbon, emakume aurpegiarekin' argazki erakusketa ere antolatu dute

AMALIA IBARGUTXI

Expodistritok, Bilboko barrutietako Udaltegietan eskaintzen den aldi baterako erakusketa zikloak, urteko bigarren hiruhilekorako programa inauguratu zuen atzo. Adierazpen estilo eta teknika anitzak erabiltzen dituzten bost artistaren bost pintura erakusketa ibiltari eta, Lagun Artean harrera zentroak sustatuta, etxerik ez duten emakumeei eta gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonen inguruko argazkigintzako beste bat antolatu dituzte.

San Inazio-Ibarrekolandako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko, Errekaldeko, Burtsako eta Abandoko udaltegietan izango dira ikusgai ekainaren amaiera bitartean, Bilboko Udalak antolatutako ekimena da eta.

Expodistrito programak hiribilduko arte adierazpenak deszentralizatzea eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea du helburu, baita ezagunak diren beste batzuen erakustoki izatea ere.

Atzo estreinatutako erkusketak hiru dira. Batetik, San Frantziskoko udaltegiak, Benkhay artista marokoarraren lanen aukeraketa jasoko du. Lan poliedrikoa egiten du Benkhay-k. Oihaletan basamortuko koloreak eta materia irudikatzen ditu, poesia ere barne hartzen duen diziplina anitzeko lanean. Apirilaren 27ra arte egongo da ikusgai bere lana bertan, eta ondoren Abandoko Udaltegira eramango da, Elkano kaleko 20 zenbakian duen kokaleku berrira.

Begoñako Udaltegiari dagokionez, jatorriz pertsiarra den Simin Shahrokhi artistaren lanak erakutsiko dituzte Begoñako, Burtsako, Errekaldeko eta Abandoko udaltegietan ikusi ahal izango da, txandaka.

Izaera errebindikatzailea

Errekaldeko udaltegia da hilabeteko talde-erakusketa jasotzeko aukeratu duten espazioa. Erakusketak Otxarkoagako Bizitegi Elkartearen zentroetara doazen pertsonek egindako margolanen aukeraketa biltzen du, denak gizarte bazterketa arriskuan edo egoeran daudenak.

Izaera errebindikatzailea eta soziala duten lanak dira, olio teknika erabiliz, estilo surrealistarekin, ilusioa, ahalduntzea, gizarte kritika, ametsak eta desirak irudikatuz. Erakusketa Otxarkoagan, Castañosen eta San Frantziskon ikusi ahal izango da ondoren.

Datorren hilean, maiatzean, beste erakusketa batzuk inauguratuko dira. 'Murmuros' erakusketak Maite Márquez Peña artistaren olio bilduma jasoko du. Begoñako Udaltegiak, bestalde, Miguel Cordero artista bilbotar autodidaktarena. Azkenik, Global Art-ek bultzatutako '#Muéstrate SWH', Castañoseko udaltegian izango da ikusgai bihartik aurrera, eta Wolf-Hirschhorn Sindromeari buruzko hainbat argazki biltduko ditu. Euskal Akuarelagileen Elkarteko tailerretan egindako azken artelanen talde erakusketa ekainean ailegatuko da Abandora.

Erakusketa bakoitzaren egun zehatzak udaltegietan, barrutietako programazioa jasotzen duen webgunean (www.kulturabarrutik.eus) eta 010 telefono zenbakian kontsulta daitezke.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos