https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Booktuberboom lehiaketa: Youtuben liburu baten irakurketa gomendatzeko aukera

Booktuber proiektuko gazte bat, liburutegi batean./Efe
Booktuber proiektuko gazte bat, liburutegi batean. / Efe

Lehiaketaren hirugarren edizioa abian da jada, eta 14 eta 18 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute

EL CORREO

Booktuberboom lehiaketaren hirugarren edizioa martxan da jada, eta berriro ere 14 eta 18 urte bitarteko gazte parte hartzaileek euskarazko liburu bat irakurri eta horri buruzko booktube bat sortu beharko dute. Lehiaketan parte hartzeko epea azaroaren 29an amaituko da, eta parte hartzeko oinarriak hemen eta baita herrietako udal liburutegietan ere daude eskuragarri.

Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gaztetxoen artean ikus-entzunezkoen bidez irakurtzeko zaletasuna sustatzeko helburuarekin, eta mundu mailan sekulako arrakasta izan duen 'booktube' fenomenoa baliatuz, EAEko Liburutegi Zerbitzuak,Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Galtzagorri Elkarteak Booktuberboom egitasmoaren hirugarren edizioari ekin diote. Egitasmoaren helburua gure autonomia erkidegoko Booktuber Plataforma sortzea da, «Euskal Booktuber Komunitatearen lehen hazia landatzen hastea, hain zuzen», adierazi dute ekimenaren arduradunek.

Lehiaketaren hirugarren edizio honetan hainbat aurpegi ezagun animatu dira booktuberren azalean jarri eta haien gustuko liburuak gomendatzera, besteak beste, Zuriñe Hidalgo abeslari eta aurkezlea edota Mikel Pagadi aurkezle eta umorista. Hori nahikoa ez balitz, lehiaketa sustatzeko booktuber topaketak antolatuko dira Euskadiko hainbat liburutegitan.

'Book' (liburua) eta 'tube' (Youtube) kontzeptuak lotzen dituen bideoa da booktube bat, hau da, Youtube plataforman jartzen den liburu bati buruzko kritika edo iruzkina, liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo grabazioa, alegia. Gauzak horrela, 14 eta 18 urte bitarteko gaztea baldin bazara, ez ezazu pentsa eta anima zaitez ekimen interesgarri honetan parte hartzera. Merezi du.