https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bonbardaketaren 82. urteurrena gogoratu zuten ostiralean, Gernikan

Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendaria, atzoko omenaldian./Efe
Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendaria, atzoko omenaldian. / Efe

Hainbat izan ziren ostiral honetan bonbardaketaren inguruan egindako ekitaldiak

UNAI SARRIUGARTE

Atzo izan zen Gernikako bonbardaketaren 82. urteurrena. Gernikako udalak zorigaiztoko egun hartan gertatutakoa gogoratzeko hainbat ekitaldi egin zituen. Urterolez, kanpai eta sirena hotsak entzun ziren herrian. Izan ere, duela 82 urte modu horretan ohartarazi zieten gernikarrei kondor hegazkinen iritsieraz.

Gernikako bakearen museoak bonbardaketaren lekukoen erakusketa bat ospatu zuen ostiralean. 'Bizitako bonbaketa' deituriko ekitaldian Gernikako alkate den José María Gorroño, Gernikako Bakearen Museoaren zuzendari, Iratxe Momoitio, testigantza eman duten pertsonak berak eta memoria historikoan lanean diharduten elkarteetako ordezkariak bildu ziren.

Ekimen honek Gernikako bonbardaketaren lekukoek bizitako pasarteak ikus-entzunezko edukien bitartez bildu dituen erakusketari hasiera eman zion. Erakusketan garai ezberdinetan jasotako testigantzak egon ziren ikusgai. William Smallwood-ek, 'Egurtxiki'-k, 70. hamarkadan jaso zituenak eta orain ikus-entzunezkoak bihurtu direnak edota 2018.urtean Gogorak, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak jasotako testigantza bilduma.

'Bizitako bonbaketa' ekitaldiaz gaindi, aurten, berritasun gisara, bonbardaketan erabilitako babeslekuetako bat zabaldu zuten atzo. Bertan, Iñigo Urkullu lehendakaria, Jose Maria Gorroño Gernikako alkatea eta Aintzane Ezenarro Eusko Jaurlaritzako Memoria, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Gogora Institutuko zuzendaria egon ziren.

Bonbardaketan erabilitako babeslekuetako bat zabaldu zuten atzo.
Bonbardaketan erabilitako babeslekuetako bat zabaldu zuten atzo. / Efe

Bestalde, Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko XV. Gernika Sariak banatu ziren atzo Gernikako Lizeo antzokian. Aurtengo sarituak hauexek izan dira: Paul Preston, Angel Viñas, Xabier Irujo eta Christos Stylianides. Azken horren izenean Lucas Gonzalez-Ojeda Europar Batzordeak Espainian duen bozeramaileak jaso zuen saria.

Azkenik, arratsaldean Mikel Ayestaran kazetari euskaldunak George Steer-Gernika bakearen aldeko kazetaritza saria jaso zuen. Bakea eta giza eskubideak sustatzea helburu dituen saria lehendabiziko aldiz banatu zuen Gernika-Lumoko udalak.

Garaikurrak George Steer kazetari britaniarraren izena darama. Izan ere, bera izan zen 1937.eko apirilaren 26an jasandako bonbardaketaren nondik norakoak mundu zabalera hedatu zituena. Hori zela bide, 2006. urtean Gernika-Lumoko udalak George Sterr kazetariari omenaldia egin zion.