https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Funtsezkoa denon segurtasuna da, eta segurtasuna presio komertzialei gailendu behar zaie»

Unai Campo pilotua./E.C.
Unai Campo pilotua. / E.C.

Hala ere, Unai Campo Norwegian konpainiako pilotuaren ustez, bi urtean bi istripu egotea arraro xamarra da

UNAI SARRIUGARTE

Txikitatik ondo baino hobeto zekien zer izan nagusitan. 26 urte baino ez ditu, eta dagoeneko pilotu lanetan bi hegazkin konpainiatan ibili da Unai Campo (Bakio,1993). 18 urte zituela Salamancara joan zen Adventia eskolan pilotu ikasketak burutzera. Lau urtean gradua amaitu eta Ryanairren hasi zen lanean. Konpainia irlandarrean hiru urte eman zituen. Bertan esperientzia eta eskarmentu handia irabazi zituen. 2018 urtean Norwegian izeneko hegazkin konpainiara salto egin zuen. Dagoeneko, urte bat eta erdi darama lanean 2018 urtean munduko low cost enpresa hoberena izendatu zuten enpresan.

-Zergatik aukeratu zenuen lanbide hau?

- 7-8 urte nituenean hasi nintzen hegazkinen inguruko gai ezberdinez interesatzen. Betidanik izan dudan amets bat da. Errealitate bihurtu den ametsa. Ikaragarria da hegazkin baten agintea izateak sortzen duen zirrara.

-26 urte baino ez dituzu eta dagoeneko Ryanair eta Norwegian konpainiatan ibili izan zara pilotu gisa. Non ikusten duzu zure burua hamar edo hamabost urte barru?

- Ryanairren hiru urte eman nituen, eta 2018 urtean Norwegianen hasi nintzen lanean. Hemendik urte gutxira Boeing 737ko komandante izatera iristea espero dut. Nire etorkizuna aire konpainia honetan ikusten dut. Profesionalki oraindik asko daukat ikasteko. Gaur egun Malagako aireportuan egiten dut lan.

-Zer iritzi duzu Boeing 737 MAX 8ren inguruan?

- Boeing 737 MAX 8a hegazkin ikaragarria iruditzen zait, hegan egiteko ezaugarri ikaragarriak aurkezten dituena. Aurreko modeloek baino erregai gutxiago kontsumitzen du, eta gutxiago kutsatzen du.

-Azken bi urteotan bi BOEING 737 MAX 8k istripu gertatu dira. Zerk huts egin duela uste duzu?

- Bi istripuek antzekotasun handiak aurkezten dituzte. Ikerketa emaitzei itxarotea izango da hoberena. Ematen du Lionair hegazkinaren eta Ethiopian Airlines hegazkinaren istripuak sistema berdinarekin erlazionatuta daudela. MCASarekin (Maneuvering Characteristics Augmentation System), hain zuzen ere.

-Europar Batasunak debekatu egin du BOEING 737 MAX8ak Europan ibiltzea. Zer iruditu zaizu erabaki hori?

- Erabaki zuzena iruditzen zait. Denborarekin ikusi da nola FAA eta Estatu Batuek erabaki berdina hartu dutela. Bi urtean bi istripu egotea arraro xamarra da. Dirudienez, aeronabigagarritasunaren egiaztapenean irregulartasunak egon ziren. Zenbait herrialde gertatutakoa ikertzen dabiltza. Funtsezkoa denon segurtasuna da, eta segurtasuna presio komertzialei gailendu behar zaie. Espero dut arazoa lehenbailehen konponduta egotea.

-Beste hegazkin mota batzuk erabiltzen hasiko garela uste al duzu?

- Ez dut uste hegazkinak asko aldatuko direnik. 4.700 daude eskatuta, hauek 600.000 milioi dolar inguru balio dute. Arazoa berehala konpondu behar da. Horretarako, software berri bat jarriko diote hegazkinari. Bi asteren buruan Boeing-ek softwarea prest izango du, eta hegazkinak airera itzuli ahal izango dira.

Temas

Euskera