Borrar

Bi bizkaitar, Manuel Lekuona sarietarako hautagai

Euskal kulturako eragile ezagunei ematen zaie saria, egindako lanaren aitortza modura. Xabier Amuriza bertsolariaz eta Agus Barandiaran trikitilariaz gain, Andres Iñigo euskaltzainak, Mari Jose Azurmendi soziolinguistikariak, Paulo Iztueta irakasle, ikerle eta idazleak eta Ana Izura pintoreak osatzen dute hautagai taldea

Amalia Ibargutxi

Sábado, 8 de septiembre 2018, 23:32

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Manuel Lekuona sarietarako hautagaiak aurkeztu ditu aste honetan Eusko Ikaskuntzak, eta sei horietako bi bizkaitarrak dira: Xabier Amuriza bertsolaria eta Agus Barandiaran trikitilaria. Hautagai taldea osatzen dute Andres Iñigo euskaltzainak, Mari Jose Azurmendi soziolinguistikariak, Paulo Iztueta irakasle, ikerle eta idazleak eta Ana Izura artistak. Irailaren 15era arte egongo da zabalik sarira aurkeztutako hautagaitzei botoa emateko epea, erakundearen webgunean. Irabazlearen izena udazkenean jakinaraziko da.

Manuel Lekuona Saria 1983tik banatzen du Eusko Ikaskuntzak. Euskal kulturako eragile ezagunei ematen zaie, egindako lanaren aitortza modura. Izan ere, obra osoak interesa duenean ematen zaio hautatuari. Sarituak aukeratzeko balioespen-irizpideak lau dira: balio unibertsala, bizitzako ibilbidea, ekarpen adierazgarria egin izana euskal gizarte eta kulturari eta egindako obraren dibulgazioa.

Alde horietatik, hautagai egokiak dira Amuriza eta Barandiaran. Xabier Amurizak hainbat lan egin du euskal kulturan. Hasteko, bertsolaritzari ekarpen handia egindakoa da. Halaber, Eusko Ikaskuntzak adierazi duenez, «bertsolaritzarekin loturik, hasierako bultzada indartsuaz gain, hurrengo hamarkadetan ere lan emankorra izan du, batetik bertso-eskolak bultzatuz eta bestetik bertsolarien lana elikatzeko ekoizpen ugari eginez. Bai bertsogintzan, bai bertso-doinugintzan, bai bertso-errimatan, bai kantatzeko eran. Eduki duen eragina izugarria da, Euskal Herri osoan zehar ibili baita bere bertsoa zabaltzen».

Gainera, bertsolaritzaz gain, literatura eta musika ere jorratutakoa da. Hainbat argitalpen ditu: eleberriak, azterlanak, diskak eta grabaketak. Bertsolaritzatik erretiroa hartu badu ere, idazle eta kultur eragile bezala aktiboan jarraitzen du Amurizak. Argitaratu duen azken eleberria 'Neska bat leku inposiblean' izan da.

Barandiaranen ibilbidea desberdina izan da. Jose Agustin Barandiaran Iturriaga (Agus Barandiaran) trikitilari eta konpositoreak duela hogei urte hasi zuen ibilbidea. Interpretazio eta instrumentazioan proposamen garaikideak egiten dituen Korrontzi musika tradizionaleko taldearen sortzaile eta kidea da. «Baten bat bikaina baldin bada bere esparruan, arteei arduraldi osoa eskaintzen diena, eta mundu osoan euskal kultura zabaltzeko zortea duena baldin badago, hori Agus Barandiaran da; langile nekaezina, adimendun pribilegiatua, musikari aparta, kultura eta tradizioaren maitalea», esan du erakunde antolatzaileak. Musikari eta konpositoreaz gain, komunikabideeta kolaboratu izan du eta musika irakaslea izan da, besteak beste.

Beste hautagaiak

Mari Jose Azurmendiren hautagaitza-orrian, «emakume aitzindaria» izan dela da argitzen duten lehena. Bere bizitzan zehar hainbat arlotan, bai maila profesionalean bai eta akademikoan ere, bide berriak ibili dituena. Irakasle eta ikerlaria izandakoa da, hizkuntzaren normalizazioan borrokatutakoa. Bere ibilbide akademikoan eta militantean «euskara erdigunean jartzen jakin izan duen zientzialaria izan da, soziolinguistikan, psikolinguistikan eta psikosoziolinguistikan egin dituen ekarpenengatik», esan dute. «Bereziki azpimarratzekoa da arlo honetan bultzatu duen ikerketa eta ezagutzaren berrikuntza Psikosoziolinguistika deitua izan den jakintza-arloa garatzeko egin duen aintzindaritza lanarekin. Zentzu horretan, aipatzekoa da izenburu bereko liburuaren argitalpena». Soziolinguistika Klusterra Elkarteko sortzailetako bat izan zen 2000. urtean.

Nafarroan oso urte zailetan euskararen eta euskal kulturaren eremuan Andres Iñigok egin duen etenik gabeko ahalegina, ekarpena azpimarratzeko eta goraipatzeko modukoa dela irizten dio Euskaltzaindiak, bat eginez Manuel Lekuonak euskara eta euskal kultura indarberritzeko egin zituen saioekin. Era berean, azpimarratzekoak dira tokian-tokiko toki- eta pertsona-izenak berreskuratzeko eta normalizatzeko Euskal Herri osoan egin duen ahalegin eta ekarpena.

Paulo Iztueta berastegiarrak ere proiekzio zabala izan du gizarte mailan: liburu eta artikulu akademikoez gain, presente egon da herri-ekimenetan, prentsa idatzian, irratsaioetan, telebistan, mahai-inguruetan, hitzaldietan... 1960ko hamarkadan 'Zabal' aldizkaria sortu zuen, eta 2000. urtean, Jokin Apalategirekin batera, Utriusque Vasconiae argitaletxea. Irakasle, ikertzaile, euskal idazle eta kultur eragilea izandakoa da.

Ana Izura, azkenik, artista plastikoa da, ibilbide luzea egindakoa. Irakasle izan da, eta erakusketa ugari egin ditu nazioartean. 1943an Tafallan jaioa, Irunen bizi da.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios