https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bi bizkaitar eta arabar baten lanak, Kimuak-en katalogo berrian

'Gure oroitzapenak' Joseba Sarrionandiaren obran oinarritutako film kolektiboko piezak azken katalogoaren parte da./
'Gure oroitzapenak' Joseba Sarrionandiaren obran oinarritutako film kolektiboko piezak azken katalogoaren parte da.

Josu Martinezen 'Ama', Sara Fantovaren 'No me despertéis' eta Maria Elorza gasteiztarraren 'Ancora Lucciole'-z gain, hautatu dituzte Maddi Barberren '592 metroz goiti', Iban del Camporen 'Espedizio handia', Miguel Ángel Jiménezen 'Kafenio Kastello' eta Pello Gutiérrezen 'Zain'

Euskal film laburren sektoreak ondutako uzta jasotzen du urtero Kimuak-ek, aukeraketa hori gero jendartera eramateko asmoz. Aurten, zazpi film hautatu dituzte, eta Donostiako Tabakaleran ikusgai jarri. Askotarikoak dira lanak, eta baita horien sortzaileak ere; bi bizkaitarrak dira, eta beste bat arabarra.

Azken katalogoa osatzen dute, batetik, Josu Martinezek (Bilbo, 1986) zuzendu duen 'Ama'-k, 'Gure oroitzapenak' Joseba Sarrionandiaren obran oinarritutako film kolektiboko piezetako batek; 'No me despertéis' Sara Fantovaren lehen filmak (Bilbo, 1993) eta Maria Elorza gasteiztarraren 'Ancora Lucciole' dokumental berriak, gaztelania eta italiera nahasten dituena.

Baita ere, hautatu dituzte Kimuak-en aukeraketa osatzeko Maddi Barberren '592 metroz goiti', Iban del Camporen 'Espedizio handia', Miguel Ángel Jiménezen 'Kafenio Kastello' eta Pello Gutiérrezen 'Zain' film laburrek.

Ikus-entzunezkoen sorta honek pasa den Donostia Zinemaldian hasi zuen ibilbidea, eta geroztik Rotterdam, ZINEBI, Euskal Zine Bilera, SEMINCI, ALCINE, Visions du Réel, ABYCINE, Bogoshorts, Porto/Post/Doc eta Aguilar de Campoo bezalako jaialdietan parte hartu ostean, ostegunekoa publiko zabalari zuzendutako lehen proiekzioa izango da. Egileak bertan izango dira beraien lanak aurkezten.

70 film laburren artean egin du aukeraketa epaimahaiak, inoiz jasotako kopuru handiena. Carlos Plaza (Donostia Kultura), Ivan Miñambres (Uniko), Jorge Rivero (zinemagile eta programatzailea), Lorena Martin (Canarias en Corto) eta Ruth Pérez de Anucitak (Donostia Zinemaldia) osatu dute aukeraketa-taldea.

Katalogoak dokumentala eta fikzioa jasotzen ditu, «generoen arteko mugak hautsiz zenbait kasutan», aurreratu dutenez. Hizkuntzei dagokienez, filmetako bi euskara hutsean daude, beste bi euskaraz eta gaztelaniaz, bat euskaraz eta frantsesez, bat gaztelaniaz eta italieraz eta azken bat grekoz.

1998tik, 800 film labur baino gehiago aurkeztu dira Kimuak-era eta guztira 137 aukeratu dira katalogorako. Programatik pasatako zinemagileen zerrendan daude Jose Mari Goenaga, Jon Garaño, Telmo Esnal, Asier Altuna, Nacho Vigalondo, Borja Cobeaga, Koldo Serra, Isabel Herguera, Izibene Oñederra, Koldo Almandoz edota Luiso Berdejo. Aurten Maddi Barber, Josu Martinez, María Elorza, Iban del Campo, Miguel Ángel Jiménez, Sara Fantova eta Pello Gutierrez batuko zaizkie izen horiei.

Temas

Euskera