https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bizkaira zabalduko da aurten Umetoki Lepoko Minbiziaren Baheketarako Programa

Emakume bat, umetoki Lepoko Minbiziaren txertoa jasotzen./Carlos Rodríguez
Emakume bat, umetoki Lepoko Minbiziaren txertoa jasotzen. / Carlos Rodríguez

Araban eta Gipuzkoan ezarri ondoren, urte honetan zehar gure lurraldeko osasun erakunde integratu guztietan ezartzea aurreikusi da

EL CORREO

Osakidetzak Bizkaiko osasun erakunde integratuetara zabalduko du Umetoki Lepoko Minbiziaren Baheketarako Programa, urtea amaitu bitartean, Gipuzkoan eta Araban ezarpena bukatu ondoren.

Dagoeneko ia 19.000 emakumeei hitzordua eman zaie, gutunez, osasun zentrora joan daitezen, umetoki lepoko minbizia garatu aurretiko minbiziaren aurreko lesioak detektatzeko proba erraz bat egitera, kontuan hartuta emakumeetan ohikoenak diren minbizietan laugarrena dela.

Programaren martxa onak erakusten duenez, Iñigo Urkullu lehendakariak ostiralean nabarmendu zuen Donostiako Unibertsitate Ospitalean Osasun Saila «erne» dagoela minbiziaren detekzio goiztiarrean, lehentasunezko gaia dela aintzat hartuta.

Programa 2018ko ekainean jarri zen abian esperientzia pilotu gisa, Debabarrenan. Esan bezala, dagoeneko martxan da Araban eta Gipuzkoan, eta urte honetan Bizkaiko osasun erakunde integratu guztietan ezartzea aurreikusi da. Zehazki, gutuna jaso duten Basurtuko erakundeko emakumeek hitzordua izango duten lehen eguna uztailaren 1a izango da; horretarako, egunotan 868 dei egingo dira. Urrian, Barrualde-Galdakao erakundea sartuko da, eta gainerako hirurak, Barakaldo-Sestao, Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta eta Uribe, abenduan sartuko dira baheketa programan.

Lehentasuna, 25 eta 29 urte bitarteko emakumeei

Programaren lehen fasea amaituko da horrela. Fase honetan lehentasuna eman zaie 25 eta 29 urte bitarteko emakumeei, gonbidapena egiteko orduan. Pixkanaka, adin tartea zabaldu egingo da, harik eta, 2023an, xede diren 25 eta 65 urte bitarteko Euskadiko emakume guztiengana heldu arte.

Beraz, programa 2018ko ekainean abiatu zenetik, Osakidetzak 18.909 gutun bidali dizkie emakumeei. Eskualdeen arabera, gutunak honela banatu dira: Araban 7.068 gutun, Arabako Errioxan 373, Debagoienan 1.425, Debabarrenan 2.344, Goierri-Urola Garaian 872, Donostialdean 5.458, Bidasoan 655 eta Tolosaldea 714.

Orain arte, Araban eta Gipuzkoan proba egin duten emakume guztietatik %3-4 inguru ginekologoarenera bideratu da, proba zehatzagoak egitera (kolposkopia), diagnostikoa egiaztatzeko edo gezurtatzeko eta, beharrezkoa izanez gero, tratamendua emateko.

Kontuz, giza papilomaren birusarekin

Azterlan askok egiaztatu dute giza papilomaren birusa zelula lokalen eta umetoki lepoko minbizia ekar dezaketen lesio aitzindarien aldaketen eragile kausala dela. 2015eko Europako eta Espainiako gidetan adostasun orokorra dago 35 urtetik gorako giza papilomaren birusa zehazteko proba eta 25 eta 34 urte bitartekoen artean zitologia baheketa programetan erabil daitezkeela.

Umetoki lepoko minbiziaren baheketarako proba honetan datza: umetoki lepoa estaltzen duten zelulen lagina hartzen da eta bitarteko likido baten utzi. Laborategian bi zehaztapen egin daitezke: zelulen analisia (zitologia) eta arrisku maila altuko giza papilomaren birusaren presentziaren analisia.

Temas

Euskera