https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bizkaiko zinema aretoetara heldu da 'Itsasontziak. Erreskatean!' filma

Filmaren eszena bat./
Filmaren eszena bat.

Animaziozko film norvegiarrak pertsonak izango balira bezala jokatzen duten itsasontziak ditu protagonista

AMALIA IBARGUTXI

Ostiraletako zinema estreinaldiekin heldu da Bizkaiko aretoetara 'Itsasontziak. Erreskatean!' (Norvegia, 2017) filma. Zineuskadi bidez Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen Zinema Euskaraz programak ahalbidetu du produkzio Norvegiarraren euskaratzea. Eguraldi txarrak ez du zapuztuko Getxo Zinemak, Leioako Yelmo, Barakaldoko Yelmo Megaparken eta Bilboko Muticines 7-n eta Gasteizko Florida zinemetan, egingo diren estreinaldirik.

Ostiralean plazaratutako filmaren jatorrizko izenburua 'Elias og Storegaps Hemmelighet' da. Izan ere, animaziozko film hau Simen Alsvik eta Will Ashurst norvegiarrek sortu zuten. 'Cars' film ezagunarekin alderatu izan dute, Pixar etxeak autoekin egin zuen antzera, gizaki itxura eman diote eta itsasontziari.

Big Harbor hiritik larrialdi-deia jasoko duen salbamenduko itsasontzia da Elias, filmeko protagonista nagusia. Ekaitza bidean da eta laguntza behar izango dute Zulo Beltza izeneko haitzuloan hondoa jo duen itsasontzietako bat erreskatatzeko. Izandako ausardia saritzeko, tokiko erreskateko itsasontzi bihurtzeko aukera eskainiko diote eta, ondorioz, Elias bere lagunak utzi eta hirira bizitzera joango da. Bizimodu berri hori ez da espero bezalakoa izango, eta abentura berri bati ekingo dio. Klima aldaketan eragina duen harribitxi baten bila dabilen legez kanpoko talde bati aurre egingo dio.

'Itsasontziak. Erreskatean!' honekin, sei izango dira, esan bezala, Zineuskadik aurten euskaraz estreinatutako filmak, eta udazkenerako ere ari dira estreinaldiak prestatzen. Besteak beste, ikusgai izango dira 'Small foot' (Warner Bros. Espainia), 'The House with a Clock in Its Walls' (Eone Entertainment) eta 'Udare erraldoiaren istorio sinestezina' (Drackmagic).

Bizkaia eta Arabako zinema aretoez gain, 'Itsasontziak. Erreskatean!' Donostiako Sade Antiguo Berri eta Errenteriako ACEC Multicines Niessen aretoetan izango da, Gipuzkoan.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos