https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bizkaiko LGTB kolektiboak Bilbao Bizkaia Pride ospatzeari uko egin dio

Uste dute Bilbao Bizkaia Pride-ren helburua ez dela «dibertsitate sexualaren alde egitea», baizik eta «Bilboko hainbat merkatariren onura bilatzea»

AMALIA IBARGUTXI

'Pinkwashing' edo 'garbiketa arrosa' deitzen zaio LGTB+ kolektiboaren aldarrikapenen erabilera komertzialari. Gutxitutako identitate zein kultura zehatz hori onura ekonomiko baterako erabiltzen dutenean aipatatzen da kontzeptua, eta azken urteetako 'pride' jaialdiak, besteak beste, behin eta berriro jarri dute auzi hori eztabaidaren erdigunean.

Adibidez, aurtengo lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen nazioarteko egunean, EHGAM (Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimendua) erakundeak manifestua plazaratu zuen LGTB+ mugimendua merkantilizatu izana leporatuz erakunde publikoei.

LGTB+ mugimenduaren aldarrikapenak kolektiboaren bizi baldintzak nolabait hobetzeko ez den beste jardueretarako erabiltzea ez da omen zuzena. Hori da, hain zuzen, Bizigay erakundeak salatu duena. Uste dute merkatari elkarte antolatzaileek onura ekonomikoa baino ez duela bilatzen ekimenarekin, eta Bizkaiko LGTB aktibistek jakinarazi dute uko egiten diotela halako festa bat egiteari.

Azaldu dutenez, uste dute Bilbao Bizkaia Pride-ren helburua ez dela «dibertsitate sexualaren alde egitea», baizik eta «Bilboko hainbat merkatariren onura bilatzea». Bizkaiko Foru Aldundia eta Bilboko Udala dira ekimenaren antolatzaileetako batzuk.

Bizigay-k azpimarratu du, harrigarria deritzotela halako ekimen bat Foru Aldundiko eta Udaleko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailek antolatzeari, eta ez Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailek. Desadostasuna ikusarazteko, erakundea ez da izango laster Bilbon European Pride Organisers Association-ek egingo duen bileran, «Bilbao Bizkaia Pride LGTB lagunak alde batera utzita antolatutako jardunaldia» dela argudiatuta.

«Bilbao Bizkaia Pride-k ez du lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen eskubideen aldarrikapenik egingo, aisialdiko beste jarduera bat baino ez da. Herritartasun inklusibo baten alde, diru laguntzak emanez eta politika publiko egokiekin egiten da», gaineratu dute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos