https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bizkaiko jaiotzen ia erdiak ezkontzaz kanpokoak dira jada

Emakume bat, bere ekografia erakusten./
Emakume bat, bere ekografia erakusten.

Jaiotza guztiei begiratuz gero, iaz haur gutxiago jaio ziren EAEn, Eustaten arabera, baina Bizkaiko eta Arabakoak EAEko batez bestekoaren gainetik daude

AMALIA IBARGUTXI

Iaz Bizkaian izandako jaiotzen %45,4 ezkontzaz kanpoko jaiotzak izan ziren. Eustatek argitaratutako 2017ko jaiotzen inguruko zifrek adierazten dutenez, hamar urtean bikoiztu egin da ezkondu gabeko emakumeen erditze-zifra. 2007an ezkontzaz kanpoko jaiotzen ehunekoa %27koa zen Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta iaz, ehuneko hori ez zen %40tik jaitsi ez Bizkaian, ez Araban (%41,1), ez Gipuzkoan (%41,4).

Eustaten arabera, gainera, iazko ezkontzatik kanpoko 7.492 jaiotza horiek, 2016koak baino gutxiago izan ziren. Zehatzago, %4,7an jaitsi zen kopurua. Jaiotza horiek guztien %43,9 izan dira, eta 2016an %43,1 ziren. Bizkaiko eta Arabako ehunekoak EAEko batez bestekoaren gainetik daude, beraz.

Haur gutxiago jaio ziren EAEn 2017an, jaiotza guztiei begiratuz gero. Zehazki, 17.076 haur jaio ziren, aurreko urtean baino %6,4 gutxiago, Eustaten arabera. Ama espainiarren artean izan zen jaitsiera nabariena (%7,5ekoa), atzerritarren artean %2,4 soilik jaitsi zen eta zifra hori.

Gipuzkoan izan zen jaitsierarik handiena, 5.593 haur jaioberrirekin. Bizkaian ondoren (8.522), eta Araban azkenik (2.961). Datu horiek jaiotza-tasa mila biztanleko 7,8n kokatzen dute EAE, Estatukoaren azpitik (8,4koa), behin-behineko datuen arabera. Zifrarik handiena Araban izan da, eta txikiena Bizkaian.

Haurrak izandako emakume-talde handiena 30 eta 34 urte bitartekoena da, jaiotza guztien %36a osatzeraino. Ondoren, 35-39 urte bitarteko amena eta 40 urte eta gehiagokoena izan ziren. Azken hau osatzen duten emakume-taldea gero eta handiagoa da. Gehienak, 25-29 urte bitartekoak izan dira. Ama nerabeen kopurua mantendu egin da.

Amen nazionalitateari begiratuta, %22,3 atzerritarrak ziren, eta 3.810 haur izan zituzten. Guztira 735 ama Marokokoak ziren; 347 Errumaniakoak; 247 Kolonbiakoak; 210 Boliviakoak; 194 Nigeriakoak; 181 Paraguaikoak; 164 Nikaraguakoak; 123 Ekuadorkoak; 119 Aljeriakoak; eta 116 Brasilgoak.

Emakume atzerritarrak urte gutxiagorekin amatzen dira, EAEn bizi diren gainerakoekin alderatuta. 30 urte baino gutxiagorekin atzerritarren %40,7 izan da ama, eta espainiarren %13 besterik ez. Ama izandakoen batez besteko adina 33,5 urtekoa izan zen, espainiarrena 34,3 urtekoa eta atzerritarrena 30,8koa. Erditzeak 16.767 izan ziren: horietatik 16.389 bakunak, 374 bikoitzak eta lau hirukoitzak. Garaiz aurreko erditzeak 935 izan ziren (%5,6).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos