https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bizkaiko Erizainen Elkargoak Hiriko Urrezko Domina jasoko du

María José García Etxaniz, Bizkaiko Erizainen Elkargoko presidentea, 2018ko elkarrizketa batean./Yvonne Fernández
María José García Etxaniz, Bizkaiko Erizainen Elkargoko presidentea, 2018ko elkarrizketa batean. / Yvonne Fernández

Bilboko Udalak gizartearen mesedetan egindako ehundik gora urteko ibilbide profesional emankorra aitortuko du horrela

EL CORREO

Bizkaiko Erizanen Elkargoak Hiriko Urrezko Domina jasoko du ostiralean. Bilboko Udalak gizartearen mesedetan egindako ehundik gora urteko ibilbide profesional emankorra aitortuko du horrela. Juan Mari Aburto alkateak proposatu zuen asteartean izendapena eta udal taldeek aho batez onartu dute.

Bilboko Udalak hogei bat Urrezko Domina banatu ditu azken lau hamarkadetan, zenbait erakundek eta pertsonak Bilboko gizartearen alde egindako lanaren aitorpenez. Deustuko Unibertsitatea, Erruki Etxea, Basurtuko Ospitalea, Arte Ederren Museoa, Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoa, Cocherito Kluba, Athletic Club, Merkataritza Eskola, Bilboko Merkataritza Ganbera, Bizkaiko Medikuen Elkargoa eta Euskaltzaindia dira Hiriko Urrezko Domina jaso duten erakundeetako batzuk.

Gaixoak artatu eta zaindu

Bizkaiko Erizanen Elkargoaren lehenengo aipamen dokumentala 1904koa da, praktikanteen eta erizainen karrerak arautu ziren urte berekoa. Izan ere, praktikanteen, emagineen eta erizanen lanbideen arteko batura da erizaintza, haiek izan baitziren, medikuekin, zirujauekin eta osasun arloko beste profesional batzuekin batera mendez mende gaixoak artatu eta zaintzeaz arduratu zirenak.

Aburtok Hiriko Urrezko Domina Bizkaiko Erizainen Elkargoari ematea proposatu du, «ehun urte hauetan herritarren osasun zaintzaren alde egindako apustu irmoagatik, nahiz eta hasieran aitormena lortzeko Erizaintzak ofizio bezala zailtasun asko izan, eta hortik aurrera, herritarren mesedeko zerbitzu bokazio ukaezinaren ondorioz, gizartearen aitorpen orokorra lortzeagatik».

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos