https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bizkaiko Aldundiak lehentasuna emango dio gizartea gero eta elebidunagoa izateari

Bizkaiko Aldundiak lehentasuna emango dio gizartea gero eta elebidunagoa izateari

Helburu hori lortzeko, foru erakundeak lanean jarraituko du eremu estrategikoetan euskara biziberritzeko

ZUREKIN

«Gero eta gizarte elebidunagoa lortzeko duen konpromisoa» azpimarratu du ostegun honetan Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak, Batzar Nagusietan egindako agerraldian. Xede hori lortzeko, foru erakundeak lanean jarraituko du eremu estrategikoetan euskara biziberritzeko, hala nola kirolean eta gazterian, gizarte laguntzan eta etorkinen artean.

Horrela, besteak beste, Bizkaiko Aldundiak lurraldeko kirol federazioekin orain arte egin den lana sendotuko duela nabarmendu du, eta lurralde osora zabaltzen saiatuko direla ere, udalerrien eta kirol kluben bidez.

Halaber, egunerokotasunean euskararen erabilera sendotzeko eta euskara erabiltzeko aukerak areagotzeko neurriak bultzatzeko asmoz, euskararen ikaskuntza bermatzeko ekimen berriak sustatuko dira. Horrez gain, komunikazioaren teknologia berrietan euskararen erabilera sustatzeko eta Azkue Fundazioaren bidez gazteei zuzendutako ekintzak, produktuak eta ekimenak garatzeko lanean jarraituko da.

Era berean, Bizkaiko Foru Aldundiak bere «konpromisorik sendoena» azaldu du «administrazio are elebidunagoa lortzeko», gizartearen eskaerari erantzuteko eta, horrela, bere eskubideak bermatu ahal izateko.

Bestalde, Bilbaok azaldu duenez, foru erakundeak jarraituko du Bizkaiko kultur ondare «aberatsa eta oparoa» herritarrei hurbiltzeko proiektuak martxan jartzen, bereziki labar arteari dagokionez. Gainera, lurraldeko industria ondarea aintzatesteko lan egingo du, eta talentu bizkaitarra bultzatzen jarraituko du diziplina artistiko guztietan. Getxoko 2020ko Munduko Sokatira Txapelketa, kirolean emakumearen ikusgarritasuna eta sustapena, eta eskola kirola dira kirol arloan legealdiko proiektu estrategikoetako batzuk.