https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bizkaiko Aldundiak Euskadiko hiru unibertsitateetako ehun bat ikasle hartuko ditu urtero praktiketan

Aldundiak laguntza poltsa bat emango die unibertsitateei eta 80.000 euro banatuko ditu, ikasleen artean banatzeko, praktikak egiteak eragiten dizkien gastuak konpentsatzeko

ELCORREO.COM

Bizkaiko Foru Aldundiak urtero praktiketan ehun bat ikasle hartzeko ekimen bat jarri du martxan. Ikasleek foru erakundearen lantokietan jardungo dute, Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin sinatutako lankidetza hitzarmenen bitartez. Etorkizunean beste unibertsitate zentro batzuk gehitu ahal izango zaizkie, Ibone Bengoetxea Bizkaiko Aldundiaren Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak adierazi duenez.

Unibertsitateokin sinaturiko esparru akordioei esker, praktika akademikoak eskatzeko eta kudeatzeko prozedura antolatu da. Izan ere, Bengoetxeak azaldu duenez, orain arte hitzarmen asko egin izan dira hala eskatzen zuten fakultateekin, eta praktikak banaka kudeatu dira, eskatu ahala.

«Sinatutako esparru hitzarmenek erraztu eta sinplifikatu egingo dute praktiken kudeaketa, areagotu egingo dituzte baliabideen gardentasuna, publizitatea eta eraginkortasuna, eta, horrekin batera, praktiken programan parte hartzen duten hiru alderdien eskubideak eta betebeharrak zehaztuko dituzte, hau da, unibertsitateenak, ikasleenak eta Bizkaiko Foru Aldundiarenak», esan du.

Orain arte garatutakoaren aldean berrikuntza bat dago: Aldundiak laguntza poltsa bat emango die unibertsitateei eta 80.000 euro banatuko ditu, ikasleen artean banatzeko, praktikak egiteak eragiten dizkien gastuak konpentsatzeko. Diru kopuru horretatik bi euro emango dira praktika akademikoetan egindako ordu bakoitzeko, edo, %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten ikasleen kasuan, orduko 2,33 euro.

Bengoetxeak argitu du laguntza hori ez dela «inola ere» ordainsari edo soldata bat. Gainera, laguntzaren ordainketa dela-eta unibertsitateek zerga betebeharrak beteko dituzte eta Bizkaiko Aldundiak Gizarte Segurantzarekikoak beteko ditu.

Praktiken programaren helburua da unibertsitateek eta Bizkaiko Aldundiak elkarlanean jardutea ikasleen prestakuntzaren kalitatea hobetzeko. Horrela, ikasleek beren ikasketa planak osatu ahal izango dituzte, ikasitakoa modu praktikoan erabiliz Administrazio Publikoaren arloan, eta benetako lan esperientzia biziko dute beren prestakuntzaren etorkizuneko garapen profesionalari begira.

Hala ere, praktika akademikoetatik ez da inoiz ere eratorriko lan harreman bati dagokion betebeharrik, ez eta lanpostuetako lan prestazioaren ordezkapenik ere. Era berean praktikak ez dira aintzat hartuko antzinatasunerako edo merezimenduetarako, praktikak egiten dituztenak noizbait Bizkaiko Aldundiaren langile bihurtuz gero.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos