https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bizkaia Zubiaren 125. urteurrenari amaiera emateko ekitaldia egin zuten atzo Portugaleten

Bizkaia Zubia./
Bizkaia Zubia.

Astelehen honetako ospakizunera hurbildu zen Iñigo Urkullu lehendakaria

EL CORREO

Bizkaia Zubiaren 125. urteurrenari amaiera emateko ekitaldia izan da astelehen honetan Portugaleten eta ekitaldiaren buru izan da Iñigo Urkullu lehendakaria. Lehendakariarekin batera, bertan izan dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria eta Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Isabel Muela, bai eta beste instituzio batzuetako ordezkariak eta Bizkaia Zubiaren presidente María Uriarte ere. Bizkaia Zubiaren garrantzia nabarmendu du Urkulluk, «ondare industrialaren eta ondare kulturalaren» ikuspegitik, eta azpimarratu egin du euskal gizartea gai izan dela «errespetuaren eta tolerantziaren oinarri sendoen gainean zubiak eraikitzeko, jatorri, gizarte-maila eta ideologia desberdinetako pertsonen artean».

Bizkaia Zubiaren zuzendaritzatik nabarmendu dutenez, azken hilabeteotan ospatu den 125. urteurren honetan «herritarrak partaide izatea lortu nahi izan da, baita Alberto de Palacio Elissague euskaldun unibertsalaren izaera berritzailea berreskuratzea ere, obra ederra, berezia eta aitzindaria utzi baitzigun, UNESCOk Munduko Ondare izendatua».

Arrakasta soziala

Bere aldetik, Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi duenez, «125. urteurren honek gure ondare kulturala eta gure ondare industriala gehiago balioesteko balio izan digu», eta gogora ekartzeko «zubiaren inaugurazioak nazioartean izan zuen oihartzuna» eta munduko aurreneko transbordadore-zubiaren balio arkitektonikoa. «Era berean, hilabete hauetan, Alberto de Palacio Elissague gogora ekarri dugu eta haren lana aitortu egin dugu. Jatorriz Sarakoa eta Bizkaian hazia, arkitekto aparta izan zen eta bere ibilbidean gailurra izan zen obra hau utzi zigun: Zubi Esekia edo Bizkaia Zubia», adierazi du.

Lehendakariak azaldu duenez, «Iraultza Industrialeko burdinaren arkitektura gailenetako baten aurrean gaude». «Zubi hau euskal industriaren urrezko aroaren ikur bat da, metalgintzari lotutako gure iraganarena. Iraultza Industrial horrek gure gizartea zeharo eraldatu zuen», esan du.

Azkenik, zubiak eraikitzen jarraitzeko premiaz jardun du, gizarte kohesionatuago bat sendotzeko: «Duela 125 urte elkarri bizkar emanda bizi ziren bi mundu banantzen zituen Bizkaia Zubiak. Orain, zorionez, gizarte kohesionatuago bat hartzen du barnean. Eta horixe da obra goren honek erakusten digun 'arrakasta soziala': jatorri, gizarte-maila eta ideologia desberdinetako pertsonen artean zubiak eraikitzeko euskal gizarteak izan duen ahalmena, betiere errespetuaren eta tolerantziaren oinarri sendoen gainean».

Temas

Euskera