https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bizkaia eta Arabako areto gehiagora helduko da asteburuan 'Dantza'

Besteak beste, Durango, Igorre, Gasteiz eta Agurainen ikusi ahalko da Telmo Esnalen filma

AMALIA IBARGUTXI

Urte hasieran heldu zen euskal hiriburuetara Telmo Esnalen 'Dantza' filma. Hain zuzen, zazpi aste egingo ditu filmak aretoetan ikusgai ostiral honetan, otsailak 8, eta iragarri dute beste areto batzuetara ere eramango dutela. Besteak beste, Durango, Igorre, Gasteiz eta Agurainen ikusi ahalko da, asteburuan.

Durangon pasa den astean estreinatu zuten filma, baina pase berezia prestatu dute larunbaterako, hilak 9. Plateruena kafe antzokian ikusi ahalko da, 20:00etan, Berdeago azokaren programazioaren baitan. Igorren ere egun berean izango da ikusgai, Kultur Etxean, eta hurrengo egunean, Muskizko Meatzari Aretoan.

Araban, Gasteizko Floridan ikusi ahalko da, 12:00etan, larunbatean. Igandean, otsailak 10, ordu berean ikusi ahalko da. Aguraingo Harresi Aretoak ere hartuko du filmaren proiekzioa asteburuan. Nafarroan, Iruñean eta Altsasun ikusi ahalko da, eta Gipuzkoan, Donostian, Zarautzen eta Hondarribian.

Horrela, Hego Euskal Herriko hiriburu guztietan ikus daiteke 'Dantza'. Aretoetan emandako lehenengo bi asteetan, 18.000 ikusle izatera heldu zen 'Dantza', eta arrakasta hori ikusita hartu zuten areto gehiagotara eramateko erabakia.

Filmaren kopia bakoitzeko diru gehien bildutako filmen artean kokatu zen lehen bi aste horietan 'Dantza', Estatu mailan. Zifra horiek, adierazten dute, sortzaileek esan zutenez, ikusleek filmari egindako harrera ona.

Kantu poetikoa

Koldobika Jauregi artista plastikoarekin eta Juan Antonio Urbeltz folklore ikertzailearekin elkarlanean burututako lanean 200 euskal dantzari inguruk hartu dute parte, eta Euskal Herriko hamaika lekutan egin dituzte grabazioak. Euskal dantzen erretratua da 'Dantza'.

Donostiako Zinemaldiko Sekzio ofizialean, baina lehiaketatik kanpo aurkeztu zuen Telmo Esnalek 'Dantza'. Parte hartu dute filmaren grabazioan, besteak beste, Argia, Arkaitz, Duguna, Astigar, Gure-Kai, Elai Alai, Urki, Haritz, Kezka, Maritzuli, Aurtzaka, Iratzarri, Goizaldi, Indarra, Orbeldi eta Erketz dantza-taldeetako dantzariek.

Irudiak Hendaian, Leitzan, Zarautzen, Ezkio-Itsason, Diman, Oñatin eta Abadiñon grabatu dituzte. «Tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei egindako kantu poetiko bat. Izatearen mirariari buruzko kontaketa bat» da, sortzaileen arabera. 2014ko otsailean ekin zioten grabaketa lanei eta iazko otsailean amaitu dituzte.

Urbeltzek, bere aldetik, euskal dantzaren sinbolismoaren oinarriak ezarri ditu filmean, eta jantzi eta atrezzoen diseinuaz eta estetikaz Koldobika Jauregi artista plastikoa arduratu da. Filmeko argazki zuzendari lanak Javi Agirrek egin ditu.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos