https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Biziraun dezake hizkuntza batek sarean erabilia izan gabe?

Eusko Jaurlaritzaren webgunearen azala. /
Eusko Jaurlaritzaren webgunearen azala.

Hizkuntzen bilakaera ingurumen digitalean izango dute ardatz Bilbon egingo dituzten Euskal Soziolinguistika Jardunaldietan

AMALIA IBARGUTXI

Euskararen biziberritzearen inguruan burutzen ari diren ikerketa, berrikuntza eta garapen proiektuak ezagutu eta landuko dituzte Euskal Soziolinguistika Jardunaldietan, Bilbon. EHUko Bizkaia Aretoan izango dute hitzordua beraz, azaroaren 6an, parte-hartzaileek.

Zehazki, hizkuntzen bilakaera ingurumen digitalean izango da jardunaldietko ardatza, eta hizkuntzen bizitasuna eta etorkizuna bermatzeko baldintzen inguruan hausnartuko dute. Hizkuntza komunitate bakoitzak bere modura erantzun dio testuinguru berrietara egokitzeko etengabeko erronkari, eta erantzun horien arabera beren bizitasuna indartu edo arriskuan jarri dute. Andras Kornai (Budapest, 1957) adituaren arabera, munduko hizkuntzen gehiengo handia heriotza digitalaren arriskuan dago.

Galera hori saihesteko gakoak zeintzuk diren azalduko du Kornaik bere hitzaldian, ingelesez eta euskarazko interpretazio zerbitzuarekin beharra dutenentzat. Gero, lehen saio horri lotuta, euskararen inguruan lanean diharduten hainbat eragilek beren lanaren berri emango dute. Euskararen Aholku Batzordeko IKTen lantaldea, PuntuEUS Fundazioa, Euskal Wikilarien Elkartea, IXA taldea, Elhuyar Fundazioa eta Deustuko Unibertsitatea zein Udako Euskal Unibertsitatearen ikuspegiak ezagutzeko aukera izango da.

Jardunaldian izen emandakoen parte hartze zuzenerako tarte zabala ere eskainiko da egitarauan. Aldi berean gauzatuko diren lau lantegi aurreikusten dira: hizkuntza erabilera bestelako faktore sozialekin nola erlazionatzen den aztertzera bideratua, lurralde bateko hizkuntza aniztasuna mapetara ekartzeari buruzkoa (Gipuzkoako kasuan oinarritua), herri mailan hizkuntzari lotutako aktibazioaren gakoei buruzkoa eta, lehen orduko saioei segida emanez, euskarak ingurune digitalean dituen behar eta erronkei buruzkoa (Azkue Fundazioaren gidaritzapean). Lantegi hauek Euskal Soziolinguistika Jardunaldian bildutakoen ezagutza eta ikuspegi aniztasuna baliatzeko gune bezala planteatu dira. Elkarrekin sortu eta martxan dauden proiektuetan ekarpen kolektibo bat egiteko guneak izango dira.

Gero, arratsaldez, Hausnartu Sarien banaketa egingo dute. Euskal soziolinguistika esparruko lanik onenak saritzen dituen lehiaketa da. Urtero, euskara eta gizartea gai hartzen dituzten ikerketa, azterketa eta hausnarketa lanak aitortzen dituzte sari horrekin. Diziplina desberdinetako lanak izango dira, hala nola soziologia, hizkuntzalaritza, zientzia politikoak, psikologia, antropologia edo komunikazio-zientzietakoak, besteak beste.

Azkenik, Soziolinguistika Klusterra aurrera eramaten ari den zenbait proiektutako hausnarketa, ideia, tresna eta ikasgaiak aurkeztuko dituzte, abian dauden proiektuen lagin txiki bat erakutsi eta horien emaitzak balioan jartzeko.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos