https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Bizigarria da hunkitzen zaituen gai baten inguruan sortzea»

Maite Mutuberria ilustratzailea./
Maite Mutuberria ilustratzailea.

Maite Mutuberria ilustratzailea 'Lohia' izeneko album ilustratua aurkeztu du, bere bizitzako garai ilun batean sortua

IRAITZ URKULO

Maite Mutuberria (Eltzaburu, 1985) ibilbide oparoa egiten ari da euskal literaturan, haur, gazte nahiz helduentzako obrak ilustratzen. Izan ere, sari ugari jaso ditu beste batzuek idatzitakoa irudiz janzteagatik: Etxepare saria 2013an, Peru Abarka eta Lazarillo sariak 2014an…

Aurkeztu duen azken obra berezia da, ordea. 'Lohia' du izena -'Enorme suciedad', gaztelaniazko bertsioan-, eta Pepitas de calabaza argitaletxe errioxarraren eskutik kaleratu du.

Krisi existentzial betean sortu zuen. Kolorea bazterturik, ilustratzaileak zuri-beltzeko marrazkien alde egin du, beltza delako depresioak jotakoen gogoa, egunerokoa eta etorkizunaren gaineko ikuspegia. Irudiez gain, hitz solteak eta esaldi laburrak ere erabili ditu bere bizipen eta sentimenduak islatzeko.

Egileak bere burua irakurleen aurrean biluzteko erabaki ausartaren emaitza da 'Lohia'. Zalantzarik gabe, Maite Mutuberriaren bakarkako lehen lan hau ez da oharkabean igarotzen diren horietakoa.

-Orain arte beste idazle batzuen testuak ilustratu dituzu. Nola sentitzen zara zure-zurea den lehen album hau aurkeztuta?

-Erronka polita izan da. Oso gustura ibili naiz liburua bere osotasunean pentsatzen: zer kontatu, liburuari zer forma eta zer egitura eman… Gainera, bizigarria da hunkitzen zaituen gai baten inguruan sortzea. Bestalde, ardura handiagoa sentitzen dut, baita lotsa apur bat ere.

-Kosta egin zaizu marrazkigintzatik idazletzarako jauzia ematea?

-Egia esan, nahi gabe sortu dira testu gehienak. Hasieran aipuz josita zegoen liburua eta, ondoren, erabaki nuen liburuak nire ahotsa behar zuela. Oharrak, gogoetak eta metafora sinpleak dira. Irudi eta testuaren batuketatik sortzen diren esanahi berriekin jolastu naiz. Iruditzen zait testu labur horiek laguntzen dutela irudien arteko haria josten eta irudiei beste ikuspuntu bat ematen.

-Testua euskaraz eta gaztelaniaz kaleratzea erabaki duzu.

-Pepitas de calabaza argitaletxea Errioxakoa da, eta beraiek ez dute inoiz euskaraz argitaratu. Baina nire apustua izan da, nire ama-hizkuntza euskara delako eta, Euskal Herrian asko lan egiten dudanez, zorretan nengoela sentitzen nuelako.

'Lohia' Maite Mutuberria-ren lehen albuma da. Marrazkiak eta testuak bereak dira.
'Lohia' Maite Mutuberria-ren lehen albuma da. Marrazkiak eta testuak bereak dira. / E.C.

Garai ilunak

-Bizi zenuen egoera zail horri 'Lohia' deitu diozu. Zergatik?

-Batzuetan garai ilunei 'krisi', 'depresio' edo horrelako izenak ematen dizkiegu. Baina nire ustez, kasu honetan, hitz horiek esanahia mugatzen zuten. Liburu honetan beste zerbaitez ari naiz, guztiek barruan daramagun 'lohiaz' eta nola saiatzen garen 'lohi' horrekin bizitzen.

-Iluntasuna hainbat geruzatan irudikatu duzu.

-Lohia zikintasuna da, baita uraren eta hautsaren arteko nahastura ere. Liburuan lohiaren fase desberdinak agertzen dira: lurretik, egunerokotasunetik abiatzen da pertsonaia, eta gero eta geruza likatsuagoak zeharkatzen ditu. Azkenik hautsa dago, amaiera izan daitekeena, baina baita hasiera ere. Bidea ziklikoa da.

«Guztiok ditugu alde ilunak, ezagutzen ez ditugun ertzak, beldurtzen gaituzten itzalak»

-Marrazkiak zuri-beltzean sortu dituzu, kolorea bazterturik.

-Marrazkiak koadernoan sortu ziren, arkatzez, kolorerik gabe. Liburua sortzean ez nion zentzurik aurkitzen kolorea sartzeari, gaiari ongi zetorkion kolore falta. Horrela, zuri-beltzari ahalik eta probetxu handien atera nahi izan diot zikintasuna-garbitasuna, pisua-arintasuna edota betea-hutsa kontrajartzeko.

-Nola irudikatzen da hustasun-sentsazioa? Nola, burua eta gorputza hartzen dizun laino trinkoa? Nola, barru-barruko estutasuna?

-Zaila egiten zait hitzez adieraztea. Zirriborroak, argi zirrikituak, kaxaz betetako orrialdeak, hariak, ileak, erraiak, ispiluak, xomorroak, orbanak… hurbil nituen elementu grafiko guztiak erabili ditut sentsazio eta sentimendu desberdinak irudikatzeko.

- Era berean, hizkuntza abstraktua erabili duzu une hartako zure baitako mundua aditzera emateko. Emaitza nahiko poetikoa da.

-Ez nuen nire bizitza kontatu nahi edo krisialdi baten esanahia mugatu nahi. Horregatik erabili ditut metafora bisualak, beste egoera guztiz desberdinetan antzeko zerbait sentitu duenarengana hurbiltzeko.

-Zure egoera berean egondakoek beren burua zure orrialdeetan islatuta ikusteko moduko lana sortu duzu?

-Hori da nire helburua. Zaila egiten zitzaidan hain lan pertsonala partekatzea, eta asko lasaitu naute azkeneko asteetan beren burua nire marrazkietan islatuta ikusi dutela esanez hunkituta etorri zaizkidan irakurleek.

-Ziurrenik, egiazko erronka sekula halakorik pairatu ez dutenei gaitza ulertaraztea izango da, ezta?

-Uste dut guztiok ditugula alde ilunak, ezagutzen ez ditugun ertzak, beldurtzen gaituzten itzalak… Irudiek badute hainbat mailatan irakurriak izateko gaitasuna, eta horregatik uste dut edonork irakur dezakeela liburua.

Zenbait gogoeta

-Liburua kaleratu aurretik, hura argitaratzeko erabakiaz zalantzarik egin al zenuen inoiz?

-Inkontzienteki hasi nintzen lanean, istorioak eskatzen zidanari kasu eginez. Baina amaitzerakoan beldur handia sentitu nuen, batez ere liburua erakustean ez nuelako nire bizitza kontatzera behartuta sentitu nahi. Emaitza artistikoarekin harro nago, baina, egia esan, oraindik ez ditut zalantzak erabat uxatu. Zintzoegia izan naiz agian...

-Obra duela gutxi aurkeztu duzun arren, ekarri al dizu poztasunik jada?

-Oraingoz harrera oso ona izan du hedabideetan, eta badirudi irakurle batzuk harritu eta hunkitu direla, esker ona adierazi baitidate askok. Hori poztasun handia da.

-Marraztea izan al da zure terapia, zeure burua askatzeko bidea? Harrezkero, zer leku du marrazkigintzak zure bizitzan?

-Ez dut terapia moduan ulertzen. Garai ilunetan koadernoetan marrazteak lagundu zidan nire buruarekin hitz egiteko modua aurkitzen. Hala ere, bizitza ez da film bat bezain biribila, bizitzan 'lohia' ez da guztiz garbitzen. Marrazten jarraitzen dut nire koadernoetan eta, nire ogibidea marrazkigintza denez, jarraitzen dut istorio eta lan berriak ere ilustratzen.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos