https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bitxigintza, zeramika, ehungintza eta margolanak uztartzen dituen erakusketa ikusgai Donostiako Ekain Galerian

Bitxigintza, zeramika, ehungintza eta margolanak uztartzen dituen erakusketa ikusgai Donostiako Ekain Galerian

Marta Fernandez Caballero donostiarraren eta Inhee Jeon korearraren obrak espazio berean nahastu ditu Ekain Arte Galeriak bere udako proposamenean

UNAI SARRIUGARTE

Bitxigintza, zeramika, ehungintza eta margolanak uztartzen dituen erakusketa ikusgai dago Donostiako Ekain Galerian eta abuztuaren 31ra arte egongo da zabalik. Bertan ikusgai dauden bi artisten lanak naturarekin harreman estua dute: lehendabizikoak, bitxigintzarekin erlazionatutako obrak aurkezten ditu; bigarrenak, berriz, zeramikaz eta ehunez egindako lanak. Marta Fernandez Caballero donostiarraren eta Inhee Jeon korearraren obrak espazio berean uztartu ditu Ekain Arte Galeriak bere udako proposamenean. Gainera, Maritxu Intxausti artista gonbidaturen obrez ere gozatzeko aukera dago.

Marta Fernandezek bitxigintza ikasketak egin zituen Parisen. Egun Gipuzkoako hiriburuan duen bere tailer propioan egindako lana irakasle lanarekin uztartzen du. Izan ere, Fernandez irakasle gisa dihardu Easo Politeknikoan bitxigintzari eskainitako goi zikloan.

Fernandez Caballerok natura erabiltzen du gehienbat bitxiak egiteko. Zilarra, urrea edota beste material batzuk erabiltzen ditu horretarako. Bere lanetan naturaren eta ingurumenaren elementuak antzemangarriak dira donostiar honek egiten dituen lepoko, belarritako eta eraztunetan.

Bestalde, Inhee Jeon artista Seuldarrak Madrilen jorratu zituen arte ikasketak eta garai hartan euskal lurraldearekin lehendabiziko harremanak izan zituen. Tolosan bizi izan zen denbora luze batez. Egun Seulen bizi bada ere Donostiara bueltatu da Ekain Galerian bere lanak erakusteko helburuarekin. Artista honen lanek ere naturarekin lotura zuzena aurkezten dute. Gehienbat zeramika eta zuntza erabiltzen ditu eta etxeko arlora gerturatzen diren obrak sortzen ditu.

Asiar kultura ezberdinetako ontziteria nabarmentzen da zeramikaz egiten dituen lanen artean. Hauetan kolore zuri-beltzak, kolore berde edo gorriekin nahasten ditu. Hauetako gehienak marrekin hornitutako lanak dira. Plater lauak, te kikarak eta teontziak dira nagusi zeramikaz egindako proposamenetan. Edonola ere, hauek ez dira artista honek erakusgai dituen lan bakarrak. Izan ere, ehun gainean egindako lanak ere ekarri izan ditu. Guztiak artisau obrak dira eta hauetan naturaren eragina ere nabarmena da. Bertan zuhaitz eta mendien irudiak ikus daitezke.

Halaber, Ekaingo udako erakusketan artista gonbidatu baten lanak ikusteko aukera dago. Maritxu Intxausti donostiarraren lanak erakusgai daude Parte Zaharreko aretoan. Aurten Filipinetara egindako bidaia batean sortutako margolanak dira Intxaustik egindako obren gehiengoa. Hauexek, papiroan eta eskulan paperean egin izan ditu.