https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bista ezinhobeak

Bista ezinhobeak
ASTER NAVAS

Zin egiten dizuet saldu nahi nuela; izan ere, berehalaxe jarri nuen kartela -SE VENDE- eta nire telefono zenbakia etxeko sarreran.

Ez zidan inork deitu eta informazio gehiago ematea erabaki nuen: SE VENDE CASA.

Baina ez nuen inolako eskaintzarik jaso eta, badaezpada ere, gehiago zehaztu nuen: SE VENDE ESTA CASA.

Inork ez zuen batere interesik erakutsi. Agian -pentsatu nuen- 'SE' inpertsonal horrek inmobiliaria batekin negoziatu behar dela adierazten dio jendeari.

VENDO ESTA CASA, idatzi nuen baina hiru egun beranduago damutu nintzen 'ESTA' horrek mesprezua islatzen zuela guztiz konbentziturik: 'esta' (ditxosa, madarikatu, kaskar, nazkante) 'casa'.

Zuzendu nuen: VENDO MI CASA. Ordu batzuk pasatu ostean kendu nuen: iragarkia baino... etsipen, hondoratze, porrot... bekatuen aitorpena ematen zuen. Zorrek ahiturik nengoela uzten zuen begibistan testu horrek; bere familiaren etxean salmentan jartzen zuena edo miseria gorrian zebilen edota bihotzik gabeko tipoa zen.

Amorruz NO SE VENDE ipini nuen. Geroztik erosle ugarik deitu zidaten galdezka ea zer zen salgai ez zegoena. NO SE VENDE CASA azaldu behar nien.

¿QUÉ CASA? –jakin nahi zuten. Telefonoak etengabe jotzen zuen eta irmo erantzun nuen: NO SE VENDE ESTA CASA.

Azalpenak eskatzen zizkidaten: saltzeko oztopoez, zailtasunen zergaitiez... iluna zela nire mezua, gehitu zuen Murciako emakume batek: nahi eta ezin edo ezin eta nahi…? Filosofia hutsa...

Milioi askoko eskaintzak helarazten zizkidaten eta arrapostu zorrotza eman behar nien:

NUNCA VENDERÉ MI CASA.

Bai, baiesten dizuet salmentan jarri nahi nuela.

En fin.

Temas

Euskera