https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bisoi europarra babesteko egindako lanari buruzko hitzaldia izango da igandean, Bastidan

Bisoi europarra babesteko egindako lanari buruzko hitzaldia izango da igandean, Bastidan

Horrez gain, Arabako Errioxako ugaztunen ohitura, aztarna eta arrastoei buruzko lantegia, eta bisita gidatu bat ere izango dira igande goizean

PAUL PICADO

Life Lutreola proiektuaren barruan bisoi europarra babesteko egiten ari diren lanari buruzko hitzaldia izango da igande honetan, Bastidan. Hitzaldia Biodibertsitatearen ezagutza eta babeserako hitzaldi eta tailerren lehen zikloaren barruan egingo da, eta ez da izango jarduera bakarra. Izan ere, horrez gain, Arabako Errioxako ugaztunen ohitura, aztarna eta arrastoei buruzko lantegia, eta bisita gidatu bat ere izango dira.

Aipatutako lehen hitzaldi hori 10.00etan izango da Bastidako Kultura Etxeko ekitaldi-aretoan, eta Jonathan Rubines eta Marta Olaldek aurkeztuko dute. Bisoi europarra ugaztunik mehatxatuena da Europa osoan, eta hori dela eta, galzoriko espezietzat hartu dute Estatuan. Horrela, Life Lutreola proiektuaren bidez, bisoi europarraren egoera hobetu nahi dute. Horretarako, bisoi amerikarrarekin amaitzeko tekniken eraginkortasuna ere hobetuko dute, mehatxurik handiena baita bisoi europarrarentzat. Horrez gain, itxian hazitako beste bisoi europar batzuk ere askatuko dituzte, ugal daitezen. Proiektu hau izango da, hain zuzen ere, Rubinesek eta Olaldek azalduko dutena.

Bigarren jarduera Arabako Errioxako ugaztunen ohitura, aztarna eta arrastoei buruzko lantegia izango da, eraikin bereko ludotekan. Haurrentzako lantegia izango da, eta aurretik aipatutako hitzaldiaren ordu berean izango da, hots, 10.00etan. Amaitzeko, bisita gidatu bat izango da, 11.30ean, Andaberdeko legar hobietara. Igandeko jardueretan izena emandakoak Bastidako kiroldegitik abiatuko dira eta Ebro ibaiko kontserbazio bereziko eremu horretara joango dira, autoz. Han, bisoi europarra berreskuratzeko proiektua zuzenean ezagutuko dute. Jarduerak doakoak dira, eta hemen eman daiteke izena. Bestela, 945 600 252 telefonora ere dei daiteke.