https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bisoi europarra babesteko programa bultzatuko du Bizkaiko Aldundiak

Tranpa sistema berri bati esker espezie inbaditzailearen ale asko harrapatu ahal izan dira

ELCORREO.COM

Bizkaiko Foru Aldundiak Europako Batzordeari eskatuko dio bisoi europarra babesteko LIFE+ Lutreola proiektuaren barruan egiten ari diren ekintzekin jarraitzeko, bisoi espezie hori «Europako ugaztunik mehatxatuena baita». Proiektu hori 2014an hasi zen eta aurten amaituko da, eta Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak esan du post-LIFE+ programa bat abiatzeko eskatuko dela espezie hori babesteko jarraitzeko.

«Proiektuak aukera ematen du parte hartzaileek post-LIFE+ eskatzeko, eta gure ustez nahitaezkoa da lanean jarraitu ahal izateko. Izan ere, bisoi amerikarra espezie inbaditzaileak arrisku larrian jartzen du desagertzeko zorian dagoen espezie bat, eta hura ezabatzeko ahaleginak ezin dira amaitu oraingo LIFE+ Lutreola proiektua iraungitzearekin batera», azaldu du Unzuetako Batzar Nagusietan egindako agerraldian.

Hori dela eta, Unzuetak adierazi du orain arteko metodologiarekin lan egiten jarraituko dutela, «emaitzak oso onak» direlako. «Erne ibili behar dugu bisoi amerikarrarekin: kolonizatzeko gaitasun handia dauka eta kalte larriak egiten dizkie bai hemengo berezko espezieari bai ur sistemei lotutako beste espezie batzuei», gaineratu du.

Kontrola

Proiektuaren barruan Bizkaian egiten diren ekintzen jomuga nagusia bisoi amerikarren kontrola da. Horrela, tranpa sistema berri bati esker espezie inbaditzailearen ale asko harrapatu ahal izan dira. Oraindik bisoi amerikar asko daudenez, proiektuaren arduradunek erabaki zuten arreta kontrolean jartzea, ekologikoaren aldetik huts handia izango bailitzateke bisoi europarrak askatzea espezie inbaditzailea erauzi baino lehen.

Hain zuzen ere, LIFE+ Lutreola abian jarri zenetik 183 bisoi amerikar harrapatu dira Bizkaian. «183 asko izan arren, denborak aurrera egin ahala geroz gutxiago harrapatzen dira, hau da, bisoi amerikarraren populazioaren gaineko presioa handitu da eta ondorioz populazioa txikitu da. Dena dela, bisoi amerikarraren kontrola funtsezko tresna izan behar da eta lanean jarraitu behar dugu, bai epe ertainean, bai epe luzera; izan ere, espezie exotiko inbaditzaile guztien kontrako borrokan gertatzen den bezala, arma nagusiak ekitea, jarraipena egitea eta eten gabeko kontrola dira», adierazi du.

Bisoi europarra Bizkaiko ekialdeko ibarretan ikusi dute, baina gutxi daude. Bisoi amerikarra asko urritu den ibarretan ikusi izan dute, eta horrek erakusten du hura amerikarra desagertzen den heinean ugaritzen dela europarra. «Hori lan ona egiten ari delako seinalea da», esan du Unzuetak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos