Bioestimulatzaileak zein jatorri organikoko ongarriak probatuko dituzte Aramaion pinuen gaitzei aurre egiteko
Arabako Foru Aldundiak Neiker erakundearekin elkarlanean uda honetan erabiliko duen tratamendu esperimentala izango da
Paul Picado
Asteartea, 27 uztaila 2021, 21:58
Bioestimulatzaileak zein jatorri organikoko ongarriak probatuko dituzte Aramaion pinuen gaitzei aurre egiteko. Arabako Foru Aldundiak Neiker erakundearekin elkarlanean uda honetan erabiliko duen tratamendu esperimentala izango da. Horren ondoren, emaitzak jasoko dituzte, eta udazkenerako ondorioak jada nabaritzea espero dute.
Pinudien gaitza aspaldiko arazoa da Euskal Autonomia Erkidegoko mendietan. Horrela, azken bizpahiru urteetan zenbait gaitz agertu dira, eta ondorioak oso kaltegarriak dira. Gaitzen artean, duela hiru urte, Lecanosticta acicola (xingola marroia), Dothistroma septosporum eta Dothistroma pini (xingola gorriak) izeneko onddoak kalte handiak egin zituzten pinus radiata eta pinus nigra espezieko pinuetan.
Orain arte hainbat neurri hartu ditu Foru Aldundiak, baina oraingoan, esan bezala, bioestimulatzaileak zein jatorri organikoko ongarriak erabiliko dituzte. Lehen ez bezala, ez diote ingurumenari kalterik egiten, izan ere, aurretik, besteak beste, fitosanitarioak fumigatu dituzte airez, salbuespenak salbuespen legediaren arabera debekatuta dagoena.
Dirudienez, aldaketa klimatikoak zeresan handia du gaitzaren okerragotze honetan, beraz, tratamendu esperimental honen bidez, xingola marroi eta gorriari batik bat aurre egiten saiatuko dira. Aramaioko Udalak produktu horiek aztertu ditu eta ingurumenari kalterik ez diotela egiten egiaztatu dute.
Dena den, ez dute Aramaio osoan erabiliko, baizik eta San Kristobal inguruan, Aramaioko mendi publikoko pinudi jakin batzuetan. Aramaioko Udalak dioenez, datorren astean hasiko dira tratamenduarekin.