https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bilboko Unamuno ikastetxeko gazte talde bat STEAMxhealth lehiaketaren 10 finalisten artean

Bilboko Unamuno ikastetxeko gazte talde bat STEAMxhealth lehiaketaren 10 finalisten artean

Aurtengo edizioaren gaia 'Nutrizioa eta elikadura adimentsua' izan da

UNAI SARRIUGARTE

Bilboko Unamuno ikastetxeko ikasle talde bat STEAMxhealth lehiaketaren 10 finalisten artean sailkatu da. La Caixak Fundazioak antolatutako erronkan 500 proiektu inguruk hartu dute esku. Aurkeztutako proiektu ezberdinak DBH 3. eta 4. mailako ikasleek, batxilergokoek eta lanbide heziketakoek burutu izan dituzte. Egitasmo honek gazteen arteko kultura zientifikoa indartzea du helburu, hauen arteko parte-hartzea sustatuz. Bertan nutrizioak gure komunitatean duen eragina aztertu dute.

Aurtengo txapelketaren gaia 'Nutrizioa eta elikadura adimentsua' izan da. Unamunoko ikastetxeko Batxilergoko 5 ikasle izan dira Euskal Herriko talde sailkatu bakarra. Talde honek 'Ondo jan' izeneko aplikazio mugikorra sortu egin du eta eskolan bertan jaten dutenaren arabera erreminta honek menu osasuntsuena hautatzeko aukera eskaintzen die. Proiektuaren sortzaileak Asier Angulo, Janire Aparicio, Unai Fernandez, Sara Mosquera eta Rebeca Tejerina dira.

Proiektua jorratzeko hainbat inkesta egin dituzte ikastetxean. Gainera, Paloma Quintana bizkaitar nutrizionistaren laguntza jaso izan dute proiektua aurrera eramateko. Gazteek asteroko menua osatzeko mugikorrentzako beta aplikazio bat sortu dute, hezkuntza sailari lagungarria izan daitekeen erreminta bat kaleratuz.

Beñat Erezuma Unamuno BHIko irakaslea izan da proiektu hau gainbergiratzeaz arduratu dena. Errezumak nabarmendu duenez, «oso harro nago ikasleak egindakoarekin; esfortzu eta ilusio askoren ondoren, saria heldu da».

Gazte talde honek Bartzelonan uztailaren 1tik 5era bitartean ospatuko den CosmoCaixa bootcamp lehiaketan hartuko du parte. Bertan gazteek ikertzaileen hitzaldiak entzun, tailer praktikoetan esku hartu eta lanketa kooperatiboaren bidez haien proiektua hobetzeko aukera izango dute. Gainera, hamar proiektu hauetako hiruk Massachusetts Institute of Technology-an (MIT) aste beteko heziketa programa bat egiteko aukera izango dute.