https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bilboko Udalak 'Go!azen' ikuskizunerako sarrerak zozkatuko ditu

Ikuskizun honekin amaituko da urtarrilaren 20an hasi zen Ikusi eta Ikasi programaren hamalaugarren edizioa

ELCORREO.COM

Bilboko Udalak sarrerak zozkatuko ditu 'Go!azen' ikuskizuna ikusteko izena ematen duten haurren artean. Izena emateko epea igandean amaituko da, eta www.ikusietaikasi.eus webgunean egin behar da. Bilbon erroldatuta dauden eta 2008 eta 2013 artean (biak barne) jaio diren umeek parte hartu ahal dute, hau da, 5 eta 10 urte bitartekoek.

'Go!azen' ikuskizunarekin bukatuko da Bilboko Udalak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen duten Ikusi eta Ikasi programaren 14. edizioa. Ikuskizuna apirilaren 27an izango da, 18.00etan, BBK Aretoan, doan, eta Bilboko 400 bat umek ikusi ahalko dute. 'Go!azen' ETB 1en telesailaren arrakastaren ondorioz sortutako ikuskizuna.

Horrela, www.ikusieta ikasi.eus webgunean izena ematen duten haur guztien artean zozketa egingo da, eta apirilaren 20an jakinaraziko da posta elektronikoz umeek sarrera lortu duten ala ez. Hautatutakoek posta elektronikoz jasoko dute sarrera, baita sarrera fisikoa hartzeko jarraibideak ere. BBK Aretoaren edukiera eta ikuskizunak duen eskaria handia kontuan hartuta, adingabeak bakarrik sartu ahal izango dira ikuskizuna ikustera.

Ikuskizun honekin amaituko da urtarrilaren 20an hasi zen Ikusi eta Ikasi programaren hamalaugarren edizioa. Aurten 67 emanaldi eskaini dira, besteak beste, ipuin kontalariak, magia, antzerkia, ikuskizun interaktiboak eta kontzertu didaktikoak, edo musikaterapia eta barreterapia tailerrak.

Programaren helburua da ondo pasatuz euskararen erabilera bultzatzea ume bilbotarren artean, aisialdirako eta modu dibertigarrian, kulturaren bidez hezkuntza sustatuz eta kalitatezko programazioa eskainiz. Edizio honetan, orain arte, 4.300 umek hartu dute parte.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos