https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Aste Nagusiko kartela aukeratzeko prozesuan parte hartu nahi? Bozkatzeko aukera ostiralean amaituko da

Aste Nagusiko kartela aukeratzeko prozesuan parte hartu nahi? Bozkatzeko aukera ostiralean amaituko da
Bilboko Udala

Interesdunek 'Festak bihotzez', 'Beti Marijaia', 'Hasiera', 'We love Marajaia', 'Gure mundua' eta 'Bilbao con los brazos abiertos' kartelen artean hautatu beharko dute

EL CORREO

Astelehenean jarri zuten martxan Bilboko 2019ko Aste Nagusiko kartela aukeratzeko bozketa, eta ostirala arte egongo da zabalik, ekainaren 14ra arte. Euskal Museora joanez edo sarean bozka daiteke gehien gustoko duzun proiektua, udal webgunearen eta komunikabide kolaboratzaileen bidez. Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du.

Baina zeintzuk dira aurtengo proposamenak? Interesdunek 'Festak bihotzez', 'Beti Marijaia', 'Hasiera', 'We love Marajaia', 'Gure mundua' eta 'Bilbao con los brazos abiertos' kartelen artean hautatu beharko dute. Herritarren parte hartzea indartu nahi du udalak, eta, horretarako, irudia aukeratzeko erabakiaren balioaren %66 herritarren esku egongo dela jakinarazi dute txapelketaren arduradunek. Gainerako %33 epaimahai espezializatuaren esku egongo da.

Lehiaketako sei finalistak aurreko astean aurkeztu zituzten, eta, antolatzaileek helarazi dutenaren arabera, guztira, 133 kartel aurkeztu dira lehiaketara, iaz 178 aurkeztu ziren bitartean. Oso leku ezberdinetatik heldu dira kartelak, besteak beste, Nafarroatik, Arabatik, Madrildik, Bartzelonatik, Sevillatik, Leondik eta Cuencatik. Halere, Bilbokoak eta Bizkaikoak izan dira nagusi.

Eta nork erabaki du azken fasera heldu diren kartelen aukeraketa? Itziar Urtasun Jai Batzordeko presidente eta Bilboko Udaleko Jaietako zinegotzia, Asier Abaunza eta Yolanda Díez zinegotziak, Ziortza Larreategi Bilboko Konpartsak elkarteko kidea, Joseba Solozabal kazetari eta 2009ko Aste Nagusiko pregoilaria eta diseinuaren eta komunikazioaren alorretako zenbait profesional izan zuten lehenengo bahetzearen erantzunkizuna. Lehenengo balorazioan, epaimahaiak adierazi zuen batik bat lanen kalitate teknikoa eta lehiaketaren oinarrien errespetua izan direla kontuan. Orain, esan bezala, erabakiaren balioaren %66 herritarren esku egongo da eta gainerako %33 epaimahai espezializatuaren esku.