https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak izen aldaketa izango du

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak izen aldaketa izango du
E. C.

Hemendik aurrera Itsasmuseum Bilbao deitzera pasako da

UNAI SARRIUGARTE

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak izen aldaketa izango du. Hemendik aurrera Itsasmuseum Bilbao deitzera pasako da. Izen aldaketarekin kultur estrategia indartu nahi izan du bilbotar museoak. Hori dela bide, webgune berria: itsasmuseum.eus eta nortasun kontzeptu berria jarri ditu martxan.

Pasa den asteartean izan zen estrategia berriaren aurkezpen ekitaldia. Bertan Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Euskara eta Kulturako foru diputatuak eta museoko zuzendaria den Jon Ruigomezek identitate berriaren nondik-norakoak azaldu zituzten.

Webgune berria kanal digital eta mugikorretara egokituta dago. Era berean, erabiltzen erreza eta intuitiboa da eta itxura garaikide, sinple eta erakargarri bat aurkezten du.

Bestalde, markaren irudi berriak isotipo eta logotipo bat ditu: batetik, itsasontzi erraldoi baten branka ageri da, honek museoa kokatuta dagoen inguruetan XX mendean egon ohi zen Euskalduna Ontziolei egiten die erreferentzia; bestetik, erakundearen izena dugu, itsasmuseum. Euskarazko «itsas» eta latinetik datorren «museum» hitzak uztartzen dituena.

Marka berri honek bizkaitarrek itsasoarekin duten harreman estua nabarmentzen du. Halaber, izen berriak museoaren identitate korporatiboa sendotu eta nazioartean ezagun egingo du.

Museoa zabaldu zenetik jada 15 urte igaro dira. Etapa berri honetan urteotako alde on guztiei eustea kontuan hartuko da eta hori ahalbidetu ahal izateko neurriak hartuko dituzte «jauzi kualitatiboa» izan dadin. Hortaz, museoak hiri, estatu eta nazioarte mailan ospetsu izatea bilatuko du.