https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bilboko Arkeologi museoak hamar urte bete ditu

Arkeologi museoa./Iñaki Andrés
Arkeologi museoa. / Iñaki Andrés

Urteurrena dela bide, jarduera bereziak antolatu dituzte ekainaren 13tik 16ra bitartean Bizkaian

UNAI SARRIUGARTE

Bilboko Arkeologi museoak hamar urte bete ditu. Data garrantzitsu hau ospatzeko, ekitaldi bereziak antolatu ditu ekainaren 13tik 16ra bitartean. Hori dela bide, egunotan Arkeologiako hitzorduaren lehenengo edizioa egingo dute Bizkaian.

Topaketa hauek Arkeologi museoak beste erakunde batzuekin elkarlanean antolatu ditu: UPV/EHUren Paisaia Kulturalen eta Ondarearen Unesco katedra, El Pobal burdinola, Euskal Museoa, Bilboko Berreginen Museoa eta Enkarterriko Museoaren laguntza besteak beste.

Egitasmo honek arkeologiako ikerkuntzen, bildumen eta ondarearen ikerkuntzaren sustapenari eta zabalkuntzari egiten dio erreferentzia. Dizplina honen inguruan interesa duten pertsonei arkeologiaren nondik-norakoak erakustea du xede topaketak. Indusketetatik hasita eta museoetako eta ikerkuntza-zentroetako laborategietan egiten diren lanetaraino. Topaketa hauek normalean mugatuta eta murriztuta egoten diren espazioak ikusteko aukera ahalbidetuko dute.

Arkeologia eta errestaurazio arloan lan egiten duten zenbait aditu egongo dira bisitariei laguntzen. Bertan azken 100 urteotan berreskuratu izan diren materialak ezagutzeko eta aztertzeko aukera izango dute.

Era berean, normalean bisita kopurua mugatuak dituzten zenbait espazio ikuskatzeko parada egongo da: Getxoko Punta Begoñako Galeriak esaterako. Esparru horretan UPV/EHUren Paisaia Kulturalen eta Ondarearen Unesco katedrak hausnarketarako gonbidapena luzatuko die bisitariei, 20 minutuko hitzaldien eta mahai-inguruen bitartez.

Bisita gidatu batzuen bitartez arkeologiak zaharberrikuntza arkitektonikoko edo hiri-plangintzako proiektu askotan izan duen arrakasta egongo da erakusgai. Hainbat esku-hartze ikusi ahal izango dira: Bilboko Mariaren Bihotza plazakoak edota San Frantzisko komentuko agerian utzi zituztenak esaterako.