https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bilbo-Bizkaiak turismoa sustatzeko kanpaina aurkeztuko du Paris eta Rotterdamen

Turistak Guggenheimaren inguruan./Ignacio Pérez
Turistak Guggenheimaren inguruan. / Ignacio Pérez

Frantziako eta Herbehereetako eragile turistikoak eta prentsa Bilboko eta Bizkaiko eragile turistikoekin bilduko diren bi topaketa izango dira aste honetan

EL CORREO

Turismoa sustatzeko kanpaina eramango dute aurrera Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Parisen eta Rotterdamen aste honetan egingo diren topaketa profesionaletan. Frantziako eta Herbehereetako eragile turistikoak eta prentsa Bilboko eta Bizkaiko eragile turistikoekin bilduko diren bi topaketa izango dira, hain zuzen ere. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu dituzte bilkurak, Turespaña turismo erakundearen eta Vueling aire konpainiaren laguntzarekin, foru erakundeko iturriek jakinarazi dutenez.

Lehenengo topaketa atzo izan zen, Frantziako hiriburuko Palais Tokio gunean. Rotterdamen, berriz, Floating Pabilion gunean izango da hitzordua, bihar ostegunean, ekainaren 13an. Bilboko eta Bizkaiko zortzi enpresa egongo dira topaketetan, eta Bilbo-Bizkaia aurkeztuko dizkiete bertaratzen direnei. Gainera, euskal produktu gastronomikoen dastaketa egingo da.

Ekitaldi profesional horien bitartez, Bilbo-Bizkaiaren xedea da negozio aukerak sortzea tokiko enpresa sektorearekin eta turismo eskaintza ikusaraztea komunikabide berezitu eta orokorretan, bai eta harremanak ugaritzea Frantziako eta Herbehereetako merkatuarekin.

Frantzia, bisitari gehien igorri zituen herrialdea

2018an, Frantziako 62.969 turista izan ziren Bilbo bisitatzen, hau da, bisitari guztien %14. Hala, Frantzia izan zen nazioartean bisitari gehien igorri zituen herrialdea. Hori dela eta, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustapen ekintzak egiten jarraitzen dute herrialde horretan.

Herbehereei dagokionez, bidaiarien kopurua %19 gehitu da azken hiru urteetan. Iaz, Herbehereetako merkatua %5era iritsi zen Bilbora etorri ziren bidaiari atzerritarren sarrera guztien kopuruan, eta 22.715 bisitari izan ziren hemen.