Borrar
'Basoapp' proiektuko lankideak astearte honetako biltzarran.

Ver 17 fotos

'Basoapp' proiektuko lankideak astearte honetako biltzarran. Mireia López

Bilbo, landa eremuko berrikuntza teknologikoen enpresentzako elkargunea

Asteartean, digitalizazioa nekazaritza eta abeltzaintzaren erronkeentzako irtenbidea dela aldarrikatu zuten Bizkaiko hiriburuan. Bertaratutako enpresa bakoitzak bere proposamena azaldu zuen

Mikel Garcia

Miércoles, 26 de abril 2023, 12:02

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Asteartean, landa-ingurunerako aurrerapen teknologikoei buruzko biltzarra egin zen Bilboko Zabalguneko Merkatuan. Tokiko nekazaritza-teknologiako hainbat enpresa hurbildu ziren bertara, azken urteetan garatu diren proiektu berritzaileak erakutsi eta azaltzeko, baita energian eta telekomunikazioetan adituak ere, landa-sektoreak dituen erronkei buruz aritzeko.

Jardunaldiaren bozeramaile Carlos Narganesek eman zion hasiera ekitaldiari goizeko hamarretan. Laster Julio Usandizaga 'Ayala Valley' proiektuaren arduradunari eszenatokira igotzeko eskatu zion eta honek berak eta bere taldeak aurrera atera duten ekimena azaldu zuen. Aiaraldeko eraikin zahar bat berreraiki zutela esan zuen, haranera populazio berria erakartzeko, berrikuntzaren eta teknologiaren esparruak bultzatzeko eta «haraneko eta inguruko herrietako sormena» sustatzeko, startupak mundu profesionalera bideratuz. Horretarako berreraikitako zentroan berrikuntza teknologiko ugari ezarri dira, hala nola zuntz optikoa, IoT gailuak eta ordenagailu berriak.

Behin azalpena amaituta ekitaldiaren bozeramaileak bertaratutako lau proiektuetako enpresen ordezkariak gonbidatu zituen euren proposamenak azaltzera. Batura Mobileko Iban García, Nexmachinako Fernando Presa, Zetrackeko Carlos Bergera eta Aberekineko Roberto López igo ziren eszenatokira, eta beraiekin batera HAZI fundazioko Ekintzailetza eta Berrikuntzako zuzendaria, Mentzia Otxoa de Zuazola, atal honen moderatzailea. Denak bere lekuan zeudenean, Carlos Narganesek azken horri galdetu nahi izan zion zer den berrikuntza HAZIrentzat.

«Teknologietatik isolatutako herrietan askotariko berrikuntzak ezarri ditugu»

«Guretzat teknologia eta digitalizazioa beharrezkoak dira gure egunerokotasuneko erronkei aurre egiteko eta gurekin lankidetzan dauden sektoreak laguntzeko», azaldu zuen Otxoa de Zuazolak eta fundazioak «landa eremuetako proiektuen digitalizazioa sustatzen, eta digitalizatutakoak berritzen dituztela» gogoratu zuen, hala nola, 'Onekin!' egur sektoreko programarekin, enpresei digitalizazio prozesuan laguntzeko baliabide programaren bitartez edo Eusko Labelen produktuei azteketak eginez. Jarraian, Iban García Bilboko Batura Mobile software enpresaren 'Basoapp' aplikazioaren bozeramaileari eman zion hitza. Azaldutakoaren arabera, app horren bitartez lursail pribatuetako basoen kudeaketa errazten da, datu ekonomikoen eta denboran zehar egindako lanen jarraipen eta inzidentzien komunikazioa digitalizatuz. Garcíak mota honetako proiektuetan inbertsioa egitea beharrezkoa dela azaldu zuen. Izan ere, eskaini zituen datuen arabera, euskadiko lursailen %56a pribatuak dira, eta bere ustez horiek kudeatzeko jabeei erraztasunak ematen hasi behar zaie, horrelako aurrerakuntzak eskainiz.

Ondoren, Fernando Presa Nexmachinaren sortzaile eta zuzendariak hartu zuen hitza. Bere enpresaren proposamena hiri teknologiko eta adimentsuen kontzeptua landa eremuetara eramatea da. «Hirian daukagun arazo berdina dute, beren lan-eremua digitalizatu eta era berean aurreztu nahi dute. Hala ere, ez dute horretarako baliabiderik, eta horretan laguntzen diegu», esan zuen. Nola? Bada, teknologietatik isolatutako herrietan helburu horiek lortzeko askotariko berrikuntzak ezartzen dituzte, hala nola, abiadura handiko zuntz optikoa, auto elektrikoak kargatzeko guneak edo hondakinen bilketa automatikoa. Abaltzisketan (Gipuzkoa), adibidez, hainbat aurrerapen egin dituzte. Satelite bidezko konektibitateko WiFi puntuak instalatu dituzte urrun eta isolatuta dauden etxebizitzetan, baita abereentzako zintzarri digitalak, txabolen barrura sartzeko sentsoreak, mankomunitatera sartzeko kontrol-sentsoreak, aparkaleku adimendunak eta argiteria publikoa kontrolatzeko sentsoreak ere.

Carlos Bergera Amorebieta-Etxanoko Zetrack enpresako zuzendariak, bestalde, nekazaritzako makina elektrikoak izan zituen hizpide. Bere proposamena da traktore eta robot elektrikoak erabiltzea, energia berriztagarriekin egokituta eta programatuta, eta edozein gailutatik monitorizatuta. «Baterien autonomia eskasaren ondorioz, ibilgailu autonomo horiek ez daude egokituta eremu handietan lan egiteko, baina lur txikietara egokitu daitezke», dio Bergerak. «Sektorean gure teknologia erabiltzeko sailak aurkitu ditugu, eta horietan aurrera egiten hasi gara, adibidez, traktore elektrikoekin». Orain lursail txiki batean bi robot eta traktore bat probatzen ari dira. Robotak autonomoak dira, baina traktorea gidaria behar du; hala ere, ehuneko ehunean elektrikoak dira.

«Aurrerapen horri esker, espermatozoideek 48 orduz bizirauten dute»

Azkenik, Derioko Aberekin enpresako bozeramaile Roberto Lópezek hartu zuen hitza. Enpresa honek behien intseminazioaren inguruan lan egiten du, eta intseminazioaren ondoren espermatozoidearen bizitza luzatzea du helburu. Aurrerapen horri esker, espermatozoideek 48 orduz bizirauten dute, eta, gainera, animaliak obulatuak izan direnean detektatzen duen programa bat garatu dute.

Berrikuntzak ikusi ondoren, telekomunikazioetan, informazioaren kudeaketan, energia-eraginkortasunean eta online merkatuetan adituek azaldu zuten nola laguntzen dieten sektore horiei landa-ingurunea digitalizatzeko erronkan. Horren adibide, zuntz optikoa mendi puntan instalatzetik, lursaileko datuak kuaderno digital batean gordetzen edo animalien enkante publikoko online merkatuetan ibiltzera irakasten dabiltza.

Jardunaldiari amaiera emateko, Gaittun landa eremuko elkarteko kideek ere euren lekua izan zuten. Han, emakumeek historian zehar sektorean izan duten garrantziaz hitz egin zuten, baita ikusezinak izan ziren egoerez ere, Orozkoko ogia adibidetzat hartuz, non okindegi bateko emakume batek ogi ospetsua egin zuen eta bere senarrak meritua eraman zuen. Etorkizunean nekazarien alabek belaunaldien arteko erreleboa beren gain hartzeko beharraz ere hitz egin zuten.

Publicidad

Publicidad

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios