https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bilbao Mendi Film Festivaleko film labur amateurren lehiaketan izena eman dezakezu

Zinema areto bat./Fotolia
Zinema areto bat. / Fotolia

Lehiaketarako izen-ematea zabalik dago azaroaren 11a bitartean, eta aurten sortutako mendiarekin lotutako gaiak jorratzen dituzten film ez profesionalek parte hartu dezakete bertan

AMALIA IBARGUTXI

Abenduaren 7tik 16ra egingo da, aurten, Bilbao Mendi Film Festival jaialdia. Sail Ofizialeko 'The dawn wall'-ek abiaraziko du lehia, Tommy Caldwell eskalatzailea protagonista duela, Euskalduna Jauregian. Bestalde, ohikoa denez, Mendi Tourrak hamalau udalerritara eramango ditu mendi filmak, eta Mendi Short film labur amateurren lehiaketa ere egingo dute bertan ere bai. Lehiaketarako izen-ematea zabalik dago azaroaren 11a bitartean.

Mendiarekin lotutako gaiak jorratzen dituzten film ez profesionalek parte hartu dezakete bertan. Alpinismoa, eskalada, mendiko kirolak, abentura, eskia, muturreko kirolak, ekologia, ingurumena edota etnografia jorratu ditzakete, besteak betse, gehienez 5 minutuko iraupena onartzen delarik. 2018an sortuak izan behar dute, bestalde. Mendi Short Film Labur Onenari Saria jasoko du irabazleak, eta jaialdiaren aurtengo edizioko bigarren asteburuan proiektatuko da BBK Aretoan.

Orain arte Film Labur Onenari Saria irabazitakoen artean daude Bruno López eta Raúl Moreno 'Alps trabelovue' lanarekin (2014), Iñaki Urresti eta Mikel Urresti 'Piztu' piezarekin (2015), Patxi Razkin 'Erantzun zuzena'-ren egilea (2016) eta Alex Areizaga, iaz 'Fandango' lanarekin gailendutakoa.

Film onenak, tourrean

Mendi zinema Bilboko mugetatik kanpo ere eramango du jaialdiak. Iazko edizioko film onenak izango dira ikusgai Tourrean, sarituak izan zirenak. BMFF-eko kideek aurkezten dituzte saio guztiak, eta filmak jatorrizko bertsioetan eskaintzen dira azpidatziekin lagunduta. Uda bitartean 30 hiri eta herritan 60 saiotik gora eskaini eta gero, irailetik aurrera, azarora bitartean, beste hogei bat emanaldi egingo dira.

Irailean, Valladoliden hasi zuten ibilbidea, eta Gaztela Leongo beste hiru hiriburutan ere izango dira. Iazko arrakasta ikusita, Burgosen hiru data itxi zituzten urriaren 8, 9 eta 10erako. León eta Salamancan urriaren 22 eta 23an izango dira. Madril bosgarrenez izango da Mendi Tourreko agertoki, klasiko bihurtu den hiri erdiguneko Golem zinema aretoetan. Urriren 15etik 18ra, lau saio egingo dituzte.

Andaluzian ere izango dira. Kantabrian ere bai, eta, azkenik, Euskal Herrian izango da mendi zinemaren tourra azaroan. Bizkaian, Amorebieta-Etxanon (azaroak 4), Basaurin (azaroak 20) eta Getxon (azaroak 13, 14, 15) izango dira. Azken hau hitzordu berria da, «hiru eguneko apustu sendoa». Gipuzkoan, Elgoibar (azaroak 22), Endoia-Itziar (urriak 5) eta Errenteria (azaroak 8, 9) bisitatuko dituzte, azken biak hitzordu berriak.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos