https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren historia batzen duen liburua argitaratu dute

Obraren aurkezpen ekitaldia bihar izango da, 19.30ean, Bilboko Carlton hotelean

ELCORREO.COM

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta Bilbao Metropoli-30 elkarteak 'Consorcio de Aguas del Gran Bilbao. Memorias de 40 años de Gestión' (Bilbo Handiko Ur Partzuergoa. 40 urteko kudeaketaren memoriak) izeneko liburua argitaratu dute. Jose Miguel Eizagirre Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko lehenengo zuzendari kudeatzaileak bizitako esperientzia kontatzen du liburuan, eta argazki ugari eta garaiko artxiboak jaso ditu 1960tik 2000ra gertatutakoa dokumentatzeko. Urte horiek «funtsezkoak» izan ziren Bizkaiko egungo saneamenduaren oinarriak finkatzeko eta hornidura sistema orokorra konfiguratzeko.

Liburuaren aurkezpen ekitaldia bihar izango da, 19.30ean, Bilboko Carlton hotelean. Bertan izango dira Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko presidente Ricardo Barkala eta Bilbao Metrooli-30 elkarteko presidente Jose Antonio Garrido.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak jakinarazi duenez, Bilbao Metropoli-30 elkarteak sustatutako bildumaren parte da liburua. Bilduma horren bidez, gaur egun ezagutzen den Bilbo eraikitzen lagundu zuten eta jardunbide egokien eredu diren enpresa eta erakundeen garrantzia azpimarratu nahi da.

Liburuaren 275 orrialdeetan, ur partzuergoaren jatorria berrikusteaz gain, Bizkaiko azpiegitura hidraulikoen «berebiziko iraultza» posible egin zuten pertsona guztiengan jartzen da arreta. Horrela, hitzaurrea idatzi dute Jose Antonio Garridok, Ibon Areso Bilboko alkate ohi eta Ur Partzuergoaren presidente ohiak eta Roque Gistau Ur Horniduraren eta Saneamenduaren Espainiako Elkartearen presidente ohiak.

Lehenengo titulua Partzuergoaren hastapenei buruzkoa da; bigarrena eta hirugarrena, aldiz, ur hornidurari eta saneamenduari buruzkoak, hurrenez hurren. Horrela, Eizagirrek erakundearen etorkizuna markatu zuten mugarri historikoak berrikusi ditu. Era berean, kronologikoki eta zehaztasun handiz laburtu eta dokumentatu ditu lehenik Bizkaiko horniduran eta ondoren saneamenduko sistema orokorrean egindako inbertsio garrantzitsuenak.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos