https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Biko-Teka ilustratzaile eta idazleen tailerra ari dira egiten 17 sortzaile hautatuak

Biko-Teka ilustratzaile eta idazleen tailerra ari dira egiten 17 sortzaile hautatuak

Zazpi ilustratzaile-idazle bikotek eta hirukote batek parte hartuko dute Aitziber Alonso ilustratzaileak eta Harkaitz Cano idazleak koordinatutako ikastaro trinkoan: album ilustratu bat sortzeko ikastaroa. Liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko dute

AMALIA IBARGUTXI

Ekin diote Biko-Teka ilustratzaile eta idazleek, bikoteka, album ilustratu bat sortzeko ikastaroari. Liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko dute aste betez 17 sortzailek, urtarrilaren 28tik otsailaren 1era bitarte.

Guztira, zazpi ilustratzaile-idazle bikotek eta hirukote batek parte hartuko dute: Maialen Oiartzun (idazlea) eta Unai Fernandez (ilustratzailea), Miriam Luki (idazlea) eta Irrimarra ilustratzaileak (Karmele Gorroño eta Irene Irureta), Idoia Etxegoien (idazlea) eta Ibon Elorrieta (ilustratzailea), Danele Sarriugarte (idazlea) eta Joana Akaiturri (ilustratzailea), Aintzane Usandizaga (idazlea) eta Asier Iturralde (ilustratzailea), Uxue Arzelus (idazlea) eta Irati Fernandez (ilustratzailea), Ainhoa Mariezkurrena (idazlea) eta Izaro Mariezkurrena (ilustratzailea), Joxe Aldasoro (idazlea) eta Anaitz Igoak (ilustratzailea).

Aitziber Alonso ilustratzaileak eta Harkaitz Cano idazleak koordinatuko dute. Idazle-ilustratzaileak bikoteka jarri eta modu praktikoan nork bere lanera bideratutako erabakiak hartzen laguntzeko antolatu dute Galtzagorri Elkarteak eta Iruñeko Udalak tailerra.

Parte-hartzaileek euskal album ilustratuen edizioa bertatik bertara ezagutu dezaten, ikastaro trinkoan parte hartuko dute Mikel Soto Txalaparta argitaletxeko editore ohiak eta ZTK argitaletxeko Paxkal Indo editoreak. Liburu grafikoak argitaratu izan dituzte biek.

Album ilustratu bat, edo liburu ilustratu bat, narrazioa irudiz lagundutako pieza literarioa da. Idazle eta ilustratzaileak batera egiten dute lan, osagarriak izango diren bi alderdiek ondo bat egiteko. Tailerrean zehar ariketa praktikoak azalpen teorikoekin tartekatuko dira, eta film, irudi eta liburuak ere erakutsiko dira. Ikasleek formazio saioetan azalduko diren gaiei loturiko erantzun berehalakoak proposatu beharko dituzte, testuari nahiz irudiari dagokionez.

Biko-Teka tailerraren xede nagusia, euskarazko liburu grafiko edo album ilustratu berriak sortzeko akuilu izatea da. Baita idazle eta ilustratzaileek elkar ezagutu eta elkarrekin liburu grafiko bat abiatzeko dinamiken jabe egitea ere. Horregatik, tailer honen emaitza gisa, parte hartzen duen bikote bakoitzak album ilustratu baten proiektua jarriko du abian. Iazko edizioan, tailerrean parte hartutako Ana Ibañez Elosua eta Dani Martirenak 'Cosimoren katiuskak' obra sortu zuten, gero argitaratu dutena.

Temas

Euskera