https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bikoiztu egin da, azken urtean, Bizkaian ekoiztutako ikus-entzunezkoen kopurua

Bárbara Goenaga Santutxun, '70 binladens' filma grabatzen./Jordi Alemany
Bárbara Goenaga Santutxun, '70 binladens' filma grabatzen. / Jordi Alemany

Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzuaren jarduera-balantzearen lehenengo balorazio gisa, adierazi dute «2018. urtea oso positiboa izan dela, ez bakarrik eragin ekonomikoagatik, jasotako eskaerengatik eta gauzatutako grabaketengatik, baizik eta lortutako pozisionamenduaren garrantziagatik ere»

AMALIA IBARGUTXI

Iaz Bizkaian ekoiztutako filmek 13.012.965 euroko eragin ekonomiko zuzena sortu zuten. Bizkaiko agertokietan grabatu diren ikus-entzunezko proiektuen kopuruari dagokionez, hazkundea izan du lau urtez jarraian, Bilbao Bizkaia Film Commision-en zifren arabera. Doako zerbitzu publiko bat da, eta grabaketak erakartzea, kudeatzea eta laguntza ematea du xede. Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2015. urtean sortu zuten. Datu «positibo» horiek kulturaren alorrean «eragile berri gisa dugun posizionamendua indartzen dute» erakunde horien arabera. Bilbon antolatu zen Feroz sarien gala da horren erakusle, esan dutenez. Enpleguari begira, sektoreak euskal profesionalen 2.629 esku-hartze behar izan zituen, hau da, guztira, lanaldi osoko 169 enplegu urtekotu dituzte.

Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzuaren jarduera-balantzearen lehenengo balorazio gisa, adierazi dute «2018. urtea oso positiboa izan dela, ez bakarrik eragin ekonomikoagatik, jasotako eskaerengatik eta gauzatutako grabaketengatik, baizik eta lortutako pozisionamenduaren garrantziagatik ere».

Iaz, zerbitzu publikoaren jarduerak gora egin zuen aurreko urtearekin alderatuta. Hain zuzen, ikus-entzunezko 201 ekoizpeni eman zitzaien arreta, eta aurreko urtean, 182 izan ziren. Era berean, iaz 128 ekoizpen grabatu ziren; aurreko urtean, ostera, 117.

201 ekoizpen horietatik 65 Euskadikoak ziren, 78 estatukoak eta 58 mundu osokoak. Gehienak (74) publizitate-iragarkiak izan ziren, 25 bideoklipak, 22 film luzeak, beste hainbeste dokumentalak, 18 telebista-programak, 15 film laburrak, 12 argazki-saioak, 7 websailak, 4 telesailak eta pare bat ekitaldi ere burutu ziren lurraldean.

Halaber, Bizkaian grabatutako fikziozko film luzeen kopurua ere bikoiztu egin zen: 2017. urtean grabatutako 4 lanetatik 2018. urteko 8 lanetara.

Koldo Serra, Mikel Rueda eta Galder Gaztelu euskal zuzendariek beren azken filmak oso-osorik grabatu zituzten Bilbon eta Bizkaian. Alejandro Amenábar, Koldo Sojo, Miguel Ángel Jiménez eta Daniel Calpasoro zinemagileek lurraldea aukeratu zuten egindako azken lanen sekuentziak grabatzeko; Koldo Serra zuzendari bilbotarrak, '70 Binladens' filma oso-osorik grabatu zuen Bilbon eta Bizkaian, Bilbo, Getxo eta Alonsotegiko hainbat agertokitan.

Agertoki ezagunak

Telesailei dagokienez, iaz, bi sail grabatu ziren oso-osorik Bilbon eta Bizkaian. Alde batetik, Antena 3ek ekoitzitako 'Presunto culpable' dago, bestetik, ETBk eta Telemadridek elkarrekin ekoitzitako 'La víctima número 8'. Publizitate-iragarkiak eta bideoklipak ere grabatu dituzte.

Bilbao Bizkaia Film Commission zerbitzu publiko bat da, eta proiektuak bultzatzeko asmoz Bilbao-Bizkaiako agertokiak aukeratzen dituzten ikus-entzunezko ekoizpen guztien lanak erraztea eta arintzea du xede.

2015. urtean sortu zuten, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatuta. Zerbitzuaren xedea da laguntza egonkor eta pertsonalizatua eskaintzea ikus-entzunezkoen sorrerako esparru guztietan.

Temas

Euskera