Zaharrok ere etorkizuna dugu, egun batzuetakoa, urtebetekoa edo hamarraldi batekoa. Fotolia

Bihotzeko astekariak

Urteak bete ahala, hitz aproposagoz esateko, zahartu ahala, gauza batzuk arrotz egiten zaizkizu, zure zerumugatik kanpo gelditzen zaizkizu. Noski, zahar guztiok berdinak ez garelako, aipatutako fenomeno horrek adierazpen desberdinak ditu norbanakoarengan. Interesak ere bere lana egiten du, ez baita berdin axola zaizun zerbaiti eskaintzen diozun arreta ala bost axola zaizun zerbaiti.

Publicidad

Ez nuke esango kezkak edo buruhausteak gutxitzen direnik, batzuk desagertuta ere beste batzuk baitatoz haiek utzitako hutsunea betetzera. Aldaketa hori baikortzat har daiteke batzuetan, liberatua senti zintezke, bizkarrean daramazun motxilak pisua galdu duela senti dezakezu. Baina baztertua ere senti zintezke, zokoratua.

Hortik dator zu baino gazteago den norbaitek «zure garaia» aipatzen dizunean gehienetan esaldiari jaramon ez egiteko joera. Ondo pentsatuta esango zenioke halakoari hauek ere zure garaiak direla, zaharrok ere oraina dugula, ez bakarrik iragana, zaharrok ere etorkizuna dugula, egun batzuetakoa, urtebetekoa edo hamarraldi batekoa izan.

Okerrago ere izan daiteke: ez duzu protestarik egiten esaldiarekin bat zatozelako, hau zure mundua ez dela pentsatzen duzulako, zure mundua memoriak desitxuratutako paradisu galdu batean kokatzen duzulako, hitzez orainalditik baztertu zaituenak zapaltzen dituen espaloi berak zapaltzen badituzu ere.

Bada zerbait nigan arrotz izatearen sentikizuna eragiten duena: bihotzeko aldizkariak, ile-apaindegian edo dentistarenean ikusten ditudan aldizkariak edo egunkaria erostera noala bertan ikusten ditudan astekariak. Jakin badakit azalean datorren gizona nahiz emakumea famatuak direla, horregatik jartzen dutela haien argazkia azalean. Baina askotan ez dut aurpegia ezagutzen edo haren izenak ez dit ezer esaten, ez dakit zergatik den famatu.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Accede todo un mes por solo 0,99€

Publicidad