https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bigarrenez saritu dute Luis Briñas ikastetxea, familia ereduak, kultura desberdinak eta berdintasuna lantzeko ekimenagatik

Luis Briñas ikastetxea./
Luis Briñas ikastetxea.

'Bilbo iparraldea-Hegoaldea' saria jaso zuen aurreko astean Santutxuko eskolak 'Elkabriñas, gure ametsetako eskola' proiektuagatik

AMALIA IBARGUTXI

Gizarte solidarioagoa eraikitzeko helburuarekin sortu zuten 'Bilbo iparraldea-Hegoaldea', eskola solidarioei emateko saria. Aurten, Santutxuko Luis Briñas ikastetxeak jaso du aitortza, udaletxeko Arabiar Aretoan egindako ekitaldian, «eskola-komunitate osoa ikasleen jatorrizko herrialdeen errealitatera hurbiltzen duen ekimenagatik, beraien kultura eta tradizioak ezagutzera emateko, horiek egiten diren jardueretan islatuz eta txikienen artean jarrera solidarioagoak sustatuz, eskola-komunitatea ez ezik auzoa bera inplikatuz». 'Elkabriñas, gure ametsetako eskola' jarri diote izena, eta hainbat jarduera biltzen ditu, familia ereduak, kultura desberdinak eta berdintasuna lantzeko jarduerak, besteak beste.

Irabazi duen proiektuak kultur aniztasuna erakutsi eta baloratu nahi du, «eskola-komunitate den aldetik, eskola solidarioago eta aberasgarriagoa osatuz, ikastetxe publiko honen aniztasun kulturala aprobetxatuta»: bertako ikasleen %16,2 beste herrialde batzuetakoa da eta beste hainbat ikaslek, Bilbon jaioak izan arren, beste jatorri batzuetako familiak dituzte.

Epaimahaiak baloratu dituen jardueren artean dago, adibidez, kultur aniztasunaren tailerra, ikasleei hainbat kulturen (arabiarra, afrikarra, latinoamerikarra, euskalduna...) berri emateko, «eskolaren zuzeneko isla baitira». Gabonetan, ikastetxean bertan behar hori duten familiei jostailuak emateko bilketa ere egin zuten, «horrela umeei elkartasunaren eta berdintasunaren balioak transmititzeko», eta familia-eredu ezberdinak eta errespetuzko harremanak ere aztertzen dituzte, «indarkeriaren aurkako jarrera aktiboa sustatu eta harreman parekideen garrantzia azpimarratzeko, baita ekitatea, inklusioa eta kultur aniztasuna ere».

Berdintasunaren aldeko 'photocall'-a egiten du ikastetxeko guraso elkarteak martxoaren 8an, egun horretako gainerako jardueren osagarri, eta ibilbide seguruetan zehar haurrak ikastetxera bakarrik joateko 'Tipi-tapa' ere egiten dute. Expo Day in Luis Briñas delako ekimena baita ere, seigarren mailako ikasleek beraiek hautatutako herrialde bati buruzko erakusketa antolatzeko, normalean, ikasleen edo beraien familien jatorrizko herrialde bat izaten dena.

Ikastetxeak saria baliatuko du eskolako egun komunitarioa antolatu eta irakurketa-plana hobetzeko. Ikasgela bakoitzean liburutegi txiki bat sortuko dute, giza eskubideak, immigrazioa eta transexualitatea jorratzen dutenak, besteak beste.

Luis Briñas Santutxu HLHI-k, sarien lehen edizioa ere irabazi zuen. Egun, 610 ikasle dauzka guztira, eta D ereduan ikasten dute gehienek. Bilboko Udalak urtero ematen ditu sariok, «bilbotarren erantzunkidetasun-printzipioa sustatzeagatik, horrela mundu bidezkoago eta solidarioagoa eraikitzeko helburuarekin».

 

Fotos

Vídeos