https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bide-segurtasuna hobetzeko erabiliko da Udaltzaingoarekiko gatazkan soberan bildutako dirua

Bide-segurtasuna hobetzeko erabiliko da Udaltzaingoarekiko gatazkan soberan bildutako dirua

SERGIO EGUÍA

Gorka Urtaran alkateak gaur iragarri duenez, Udaltzaingoarekiko gatazkan —dagoeneko konpondua— soberan bildutako dirua hiriko hainbat lekutan bide-segurtasuna hobetzeko plan baterako erabiliko da. Bide-segurtasuna hobetzeko plan berezi horrek ia 600.000 euroko zuzkidura izango du, oinezkoentzako pasabideak sortu eta hobetzeko xedez. «Nahi gabe soberan jasotakoa herritarrei itzultzeko modua da», azaldu du alkateak.

Azaroaren 1etik otsailaren 27ra arte jarritako isunak direla eta soberan bildutako dirua 600.000 euro inguru izango da, izapidetze-prozesu osoa amaitu arte itxaro behar bada ere. Epe horretan jasotako zenbatekoari iaz epe berean jasotakoa kenduta kalkulatu da kopuru hori.

Ohi bezala, Udaltzaingoak jarritako isun gehienak garaiz ordaintzeko formula baliatuz ordaindu dira, horrek aukera ematen baitu hasieran jarritako isunaren zenbatekoa % 50 murriztea automatikoki. Bestetik, errekurtsoak jarri dira zenbait salaketaren kontra, eta horrek eragotzi egiten du berehalakoan kobratzea. Izapidetzear dauden isunak eta mekanizatu gabe daudenak —tramitazio administratiboari hasiera ematen dio urrats horrek— ustez zertan geratuko diren kalkulatu dute Ogasuneko zerbitzu teknikoek, eta espazio publikoan bideetako segurtasuna hobetzeko plan berezirako erabiliko den soberakina 600.000 euro inguru izango dela jo dute.

Udaltzaingoko LEP

Bestetik, alkateak jakinarazi du Gobernu Batzarrak aurrekontuko plantillaren aldaketa bat onetsi duela gaur, sindikatu-ordezkaritzarekin eta talde politikoekin adostutakoa, Udaltzaingoko agenteen lanpostu gehiago sortu ahal izateko, zehazki, 12 lanpostu administrazio bereziaren eskalan, udaltzainen eta laguntzaileen azpi-eskalan, C taldean. Horren bitartez, hiriaren hazkundeak berak sortutako eskaera berriei hobeto erantzun nahi zaie. Udaltzaingorako 23 lanpostu betetzeko hurrengo Lan Eskaintza Publikoan sartuko dira 12 lanpostu horiek.

Laster 23 lanpostu betetzeko egingo den LEP iaz sortutako beste 32 udaltzain lanpostuei gehitzen zaie. Gainera, alkateak iragarri zuenez, eta sindikatuekiko azken akordioan jasota dagoenez, enplegu-eskaintzen prozesu horri beste eskaintza bat gehituko zaio, baina oraindik zehazteko dago zenbat lanpostu izango diren, gobernu zentralak erretiroei buruz ematen duen dekretuaren mende baitago.

Suhiltzaileen LEPerako oinarriak

Alkateak gogogatu du beste LEP bat dagoela martxan, Prebentzio eta Su Itzaltze Zerbitzuari dagokiona. Otsailean argitaratu ziren oinarriak 20 lanpostu eskaintzeko: suhiltzaile espezialistentzako 15, eta inspektoreordeentzako 5.

Alkateak iragarri zituen prozesuen barruan sartzen dira enplegu-eskaintza horiek, zeinen helburua baita zerbitzuak sendotu eta udal langileriari egonkortasun handiagoa ematea, 2016an egin zen Udaltzaingorako LEParen ildo beretik. Prozesu hori hurrengo urteetan luzatuko da, helburu argi batekin: aldibatekotasuna % 10etik behera jaistea, hiru urtean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos