https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bidea eginez

Autogobernua eguneratzeko eztabaidari begira, oinarrizko bere proposamena aurkeztu du asteon EAJk. Zalantzarik gabe, hauxe izango da negoziaziorako tresna nagusia; herritarren babes handieneko alderdiarena delako, edozein aldaketarako giltzarri denarena

Bidea eginez
Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Ikusmina zegoen jeltzaleek Autogobernuari buruzko Legebiltzarreko Lantaldera eramango zuten dokumentuaren nondik norakoak ezagutzeko. Katalunian jazotakoen oihartzunak bizi-bizi dirauenean, Euskal Autonomia Erkidegoak beste bide bati ekin dio aspalditxotik, elkar ulertzen saiatzekoari, aldebikotasunean oinarritutakoari. Izan ere, horretarako badago nora jo egungo legedian, Espainiako Konstituzioan jasotako eskubide historikoetatik abiatuta. Kataluniakoa eta bertoko errealitateak zeharo ezberdinak dira, bai jatorrian —nahiko lukete han Kontzertu Ekonomikoaren gisakorik— eta baita gerora begirakoetan ere —eskubide horien berariazkotasunak zabal ditzakeen aukerei dagokienez—.

Rajoyk eta bere gobernuak behin eta berriz eskatu diete buruzagi kataluniarrei egungo legeditik at ez abiatzeko, ezarritako prozedurak aintzat hartzeko. Eta hori da hemengo eragile politiko nagusiak orain egiten ari diren ariketa, nahiz eta bertoko PPk jada esana duen, ‘egonkortasunaren’ izenean jakina, nahiago duela ezer ez aldatzea, Estatutua ez ikutzea. Baina ezta hau bere osotasunean beteta ere, noski. Ez. Herritarrek zuzenean onartutako lege organiko bati aldebakarreko ikuspegia kontrajarri zaio lau hamarkadatan, berau erdizka uzteko; eta jokaleku horretan jarraitu nahi dute popularrek.

EAJk bultzatutako egitasmoa ezin egokiagoa da, euskal gizartean egon badagoen eskaera bati erantzuten diolako. Zeharkako izateko borondatetik, ezer hautsi gabe norbere autogobernuan sakontzeko asmotik abiatzeko. Eusko Legebiltzarreko 75 ordezkarietatik 57 bat datoz erabaki eskubidearen oinarrizkoenen inguruan eta, zer esanik ez, egungoan sakontzearen beharraz. Horrek ez du esan nahi ados ez daudenek nahitaez ezer irentsi behar dutenik, baina halako gehiengo zabal baten aurrean harbera eta adeitsu behar luketela bai behintzat.

Jeltzaleen proposamenean daude hurrengo hamarkadetarako edozein hitzarmen ahalbidetuko duten ezinbesteko osagaiak. Legezkoa, irekia eta demokratikoa dela nabarmendu dute bultzatzaileek, «euskal autogobernua estatus nazionalera jasotzen duena». Hor daude bilduta Euskal Herriaren nortasun nazionalaren aitortza; euskal herritarrek euren egitura politikoa eta elkarbizitzarako eredua zehazteko eskubidea, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarriak eta Estatutuaren xedapen gehigarri bakarrak onetsi eta babestutako eskubide historikoak eguneratuta; edo-ta eskumenen banaketa argia, hitzartutako eskumenen figura berrian oinarritutakoa. Eta gehiago ere badago: adostutako berme sistema benetakoa ezartzea; eskubide sozialetan sakontzea; harreman ekonomiko, finantzario eta zergazkoak elkarren arteko errespetuaren bidez sendotu eta Kontzertu Ekonomikoaren sistemari esker bermatzea; eta Euskadik Europako zein nazioarteko erakundeetan izan beharreko ordezkaritza mota hitzartzea, besteak beste.

EAJren irudiko, eskubide historikoek behar dute Estatuarekin harreman berezi eta aldebikoa izateko abiapuntu, itunean eta elkarren errealitate nazionalaren aitortzan oinarrituta. Hala, autogobernua eguneratzeko testu artikulatuak Euskal Herriaren nortasuna onartu beharko luke, erkidego politiko berbereko izateak zein bere ondare linguistiko, kultural eta juridiko-instituzionalak osatutako identitate nazionala duela. Guzti hori gauzatzeko, Kontzertu Ekonomikoaren gisako Kontzertu Politikoa gura dute jeltzaleek, lehenaren berezitasunak autogobernuaren bestelako arloetara eramanda. Horren baitan, bai Nafarroarekin zein Iparraldearekin lankidetzarako harremanak areago sustatzearen aldekoa da proposamena, herritarren eta euren erakunde ordezkatzaileen borondatea muga bakartzat hartuta.

Esanguratsuak dira jeltzaleek estatus berria onartu ostekoarentzat iradoki dituzten izenak: Euskal Foru Erkidegoa, forutasunari eta eskubide historikoei dagokielako; Euskal Erkidego Nazionala, Euskal Herriaren identitate nazionala nabarmentzen duelako; Euskal Estatu Autonomoa, 1931ko Estatutuan baliatutako definizioa delako, eredu federal eta konfederaletako Estatu kontzeptuari dagokiona; eta Estatu Forala, eguneratu gura den berezitasun foral historikoarekin Estatu kontzeptua uztartzen duelako.

Proposamen zehatzak eskatzen ziren, eta EAJk jarri du berea mahai gainean. Espainian ez da giro nazio izaerako erkidegoen autogobernuetan sakontzeko, Ciudadanos-en gorakada demoskopikoaren eraginez PP larri dabilelako eta berez ere ez duelako ezer aldatzeko asmorik. Hori ez da berria, AP bere sasoian Gernikako Estatutuaren aurka agertu zelako. Kontserbadoreak dira jatorriz, ahalik eta gutxien arriskatzekoak, sasoira berandu egokitzekoak. Baina jarrera horrek ez du deus eman Katalunian, ez du ekarpen positiborik egin; eta are biluziago geratuko da Euskadin, egungo legediaren araberako proposamena delako jeltzaleek egindakoa. Ausarta, ezberdinen topagune izateko borondatetik abiatutakoa eta Euskadiri beste mailako bateko aitortza ematekoa, herritargoaren gurariei erantzuten diena.

Politika arazoei irtenbideak emateko da, ez horiek usteltzen utzi eta egonean geratzeko, ez etengabe aitzakiak jartzeko. Alderdi bakoitzari dagokio bere proposamena egitea, zehaztea, etorkizuneko Euskadi nola irudikatzen duen plazaratzea. EAJk jarri du berea gainerako eragileen eta gizartearen esku, hurrengo belaunaldiei begirako konpromisoa erdiesteko. Guztienak aurrez aurre jarrita etorriko dira urratsak, herri honi hainbat desafio berriri heltzeko tresnak ematekoak. Jeltzaleen eredua aukeraz betetakoa da, batekoak eta bestekoak biltzeko modukoa, ezer hautsi gabe errealitate dinamiko berriak eraikitzekoa, bai Estatu mailan zein Europan. Euskal herritarrei euren etorkizuna erabakitzeko giltza ematen diena, elkarlanerako eta konpromisorako borondatetik. Eta horrelako ariketa kolektibotik helduko dira fruituak, gizarte honek 1979koa eguneratzeko eskatzen dituenak, munduan dagokion bere lekua berregokitzekoak.

Temas

Eta, Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos