https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

BIBAT Museoak Lorenzo de Prestamero pertsona ospetsua gogoraraziko du

Erakusketaren xedea da historiaren ikerlari eta Araban arkeologiaren aitzindari izan zen pertsona historiko honen gaineko zertzelada batzuk erakustea

I.AGOTE

BIBAT Arkeologia Museoak eta Fournier Karta Museoak Lorenzo del Prestamero [1733-1817] erakusketa antolatu dute. Arabako arkeologiaren aitzindaria izeneko erakusketaren xedea da arabar jakintsuaren bizitzaren gaineko zertzelada batzuk ematea, historiaren ikerlari gisa eta probintzian arkeologiaren aitzindari gisa nabarmenduz hura.

Diego Lorenzo del Prestamero y Sodupe Urizaharrean jaio zen, 1733an, eta Gasteizen hil, 1817an. Bizitzan zehar, erlijio gizon hau jakintza arlo batzuk eta besteak lantzen ibili zen, hala nola botanika, numismatika eta epigrafia. Real Sociedad Bascongada de Amigos del País-Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko elkarteko kide, Araban arkeologiaren aitzindarietakotzat hartu izan da, eta, hori dela eta, Arabako Arkeologia Museoak erakusketa hau eskaini dio, bera hil zela 200 urte betetzen diren honetan.

Erakusketak lau atal ditu: lehenbiziko bi atalen helburua da Prestamero pertsonaia historikoa Argien Mendean kokatzea, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide izan baitzen, eta haren lanaren alderdirik nabarmenenak gogoraraztea.

Hirugarren atalaren xedea da Prestamerok Iter XXXIX erromatar galtzadari buruz egindako ikerketa; erromatar galtzada horrek Astorga eta Bordele lotzen zituen. Azken atala, berriz, Villa de Cabriana deritzon erromatar villari buruzkoa da, zeina Araban induskatutako lehenbiziko aztarnategia izan baitzen, Prestamero bera zuela buru.

Erakusketan erakusten diren material guztiak jatorrizkoak dira. Nabarmentzekoak dira, haien artean, Prestamerok berak egindako transkripzio epigrafikoekiko eskuizkribu batzuk, Arabako Agiritegi Historikoak lagatakoak erakusketa honetarako. Horrez gain, Prestamero Funtseko txanpon batzuk hautatu dira: funts hori berak sortu eta kudeatu zuen hasiera batean, eta ondoren, De la Alameda markesaren esku geratu zen, harik eta 1941ean Arabako Foru Aldundiak eskuratu zuen arte.

Erakusketa honetan, halaber, bi hilarri erakusten dira, Ibarguren eta Okarizkoak, zeinei buruz Prestamerok berak eman batzuen berri bere idatzietan, eta baita beste hirugarren hilarri bat ere, museoaren erakusketa iraunkorraren hirugarren solairuan erakusgai dagoena.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos