Borrar
Getxoko Elektrobikinis taldea. 'Indie' eta 'Getxo Sound' etiketen barruan izan zen sartua.
beti etiketan

beti etiketan

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Lunes, 19 de noviembre 2018, 01:00

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Berriki kexu zen Javier Corral kazetaria Facebooken 'Indie' mugimenduaren inguruan egindako programa batengatik. Egi-egia da: 'Indie' etiketa horrek ez du, musika arloan, ezer definitzen. Hitzak berak esaten digunez 'Indie' izateko, zure eskaintzak musika industriatik at landua izan beharko luke. Kito. Ez dago 'Indie' izeneko estilo bat, nahiz, egia esan, gaur egun 'Indie' izenarekin batere independenteak ez diren produktu asko aurkezten zaizkigun.

Hala ere, musika modernoaren munduan ohikoak dira 'etiketei buruzko etiketak'. Printzipioz badirudi estilo zehatzak definitzen dituztenak iskanbiletatik at geratuko liratekeela: 'soul', 'folk', 'rock', 'flamenko'..., baina ez da horrela izaten. Hor ditugu beti erne deituraren esentziak aldarrikatzen dituztenak, «hori ez da benetako jazza» edo «hori ez da egiazko flamenkoa» ozen oihukatuko dizutenak. Bestetik, 'rock edo 'jazz' esateak, horren esparru zabala barru hartuta, ez du, egun, ia ezer definitzen.

Beste batzuetan, etiketak geografian oinarritzen dira: 'Rock Andaluz', 'Movida Madrileña', 'Northerm Soul', 'Rock Radikal Vasco'... Kasu hauetan, guztietan, estilo ezberdinak zaku berean sartzen dira toki eta garai baten lekukoak omen direlako.

Etiketa bat asmatzea oso erraza da. Beste gauza bat da jendearen onespena lortzea. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran, Ruben Bladesek eta Willie Colonek ospe handia lortu zuten 'salsa' munduan. 'Siembra' eta 'Canciones del Solar de los Aburridos' diskoekin esaterako, estilo horren salmentak ugaldu ziren. 'Salsa' etiketak zuen kutsu komertziala ekidin nahian Focila –folclore de ciudad latina– deitura saiatu ziren indarrean jartzen. Baina ez zuten lortu. 'Salsa social' eta antzeko definizioak sortu ziren, baina musikariek asmatutakoak ez zuen inolako arrakastarik lortu.

Hamarkada horren hasieran, baita ere, Glam Rockak urte loriatsuak ezagutu zituen. Sweet eta Slade taldeek eta lehenengo David Bowiek, besteak beste, 'Jukebox' guztien erreginak izatea lortu zuten, itxura androginoa eta erritmo bizia zuen estilo harekin. Baina hemen inork ez zuen etiketa horren berri izan. Exekutiboren batek oso deitura arraroa zela erabaki omen zuen eta estilo horretako disko guztiak 'Gay Power' izenarekin bataiatu zituzten Espainiarako bertsioetan.

Agian, metalekoak dira etiketazaleenak eta horien inguruan eztabaidatzea gustukoen dutenak: Death Metal, Gore Metal, Gothic Metal, Folk Metal...

Gurean erabilitakoen artean, eta RRV aldera utzita, 'Getxo Sound' eta 'Donosti Sound' errepikatuenak izan dira. Normalean gertatzen den bezala, oso eztabaidagarria da etiketa horien atzean benetako 'sound' bereziak zeudela baieztatzea, baina...

Ez gaitezen engaina, etiketek bizirik irauten dutenean zerbaitengatik izaten da. «Diskoetxe baten asmakizuna besterik ez da» edo «diskoak saltzeko trikimailua da» entzuten da askotan. Baina, gustuko izan ala ez, etiketak zertaz hitz egiten ari garen jakiteko baliagarriak izaten dira eta normalean, haien etsairik sutsuenek ere erabiltzen dituzte –hori bai, mesprezu keinu batez–.

Denok dakigu ez dagoela izendapen guztiz zehatzik, baina era berean, badakigu erabilgarriak izaten direla ere, azalpen luzeegiak saihesteko orduan. Eta hori ez da gutxi...

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios