https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Beste 170 saio grabatzeko adina istorio dago Euskal Herrian»

Hung Fai./EiTB
Hung Fai. / EiTB
Hung Fai - 'Historias a bocados'

'Historias a bocados' saioko aurkezle berria, Hung Fai, herriz herri ibiliko da kirol, ohitura eta errezeta berriak ikasten

AMALIA IBARGUTXI

'Kokoro'. Bihotz, buru, arima eta sentimendu esan nahi dituen hitz japoniarra da, eta baita Hung Fai sukaldariak ETB2-ko 'Historias a bocados' saio gastronomikoari jarri nahi diona, Ander Gonzalez aurkezleari erreleboa hartu eta gero. Berastegi eta Gatikan elkarrekin izan ziren pasa den astean bi aurkezleok. Orain, telesaileko 71 herri eta saioren ondoren, bakarkako bideari ekingo dio Fai-k, asteburuetako saioen gidari.

«Euskal Herrian istorio asko dago kontatzeke» bere ustez, «beste 170 saio grabatzeko adina behintzat bai». Duela zazpi urte heldu zen Bilbora Fai, Txinako Hong Kong hirian bizi eta gero. 'Historias a bocados' ez da, hala ere, gastronomia telebistara eramatea ahalbidetu dion lehen saioa. Madrilgo bere jatetxean 'Canal Cocina' telebista-katean lan egiten zuten bi lagun ezagutu eta bertan bi programa grabatu zituen.

Ondoren, Chicoteren 'Top Chef' eta EiTB-ko 'Juego de cartas' saioetan aritutakoa da, eta hortik sortu zitzaion 'Historias a bocados' saioan lan egiteko aukera, nahiz eta oraindik ere harritzen den «halako esperientzia bereziak bizitzeko aukera izateaz».

Herriz herri dabilen telesaioa da 'Historias a bocados', gastronomia ardatz, askotariko gaietan murgiltzen dena. Legazpiko talogileak, Beteluko pneumatikoak, Tomas Rekondo Lesakako okina edota Fran Ubideko arkeologoa pasa dira saiotik, adibidez.

Ia gidoirik gabe

Datozen programetarako lanean, aizkolari bat, ardi- eta behi-gaztagileak eta ermita bat zaintzen duen lagunarekin izan da Fai, besteak beste. «Bi minutuan enborra moztu dezakeen norbait ezagutu dut eta are gehiago, ni ere saiatu naiz gauza bera egiten, arrakastarik gabe hala ere. 50 urte baserrian bizi izandako beste lagun batekin ere izan gara. Oso berezia ari da izaten, gidoirik ez dugulako erabiltzen ia. Tartean gastronomia nolabait inplizituki badoa ere, pertsonak ezagutzeko saioa da hau. Beraiekin elkartzen naiz eta kuriositateak garamatza aurrera», azaldu du.

Hitz egiteaz gain, saioko gonbidatu askori kozinatuko die Hung Fai-k. Eta berak ere dastatuko ditu prestatuko dizkioten errezetak. «Kidetasuna eta konfiantza sortu nahiko nituzke. Hong Kong eta Euskal Herria oso desberdinak dira. Erakusten eta ikasten jarraitu nahi dut».

'Historias a bocados' asteburuetan dago ikusgai, larunbat eta igandez, 20.00etan. Eta gero, eitb.eus atarian.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos