https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bertsozale Elkarteko zuzendaritza utzi du Aritz Zerainek

Aritz Zerain, elkarrizketa batean./Bertsoa.eus
Aritz Zerain, elkarrizketa batean. / Bertsoa.eus

Hamaika urtez egin ditu koordinatzaile lanak hernaniarrak; martxan da bere lekua hartzeko lan deialdia

AMALIA IBARGUTXI

Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak, Aritz Zerainek, iragarri du hurrengo arduradunaren bila ari dela elkartea, eta martxan dutela lan deialdia. Bertsozale Elkarteko koordinatzaile lanetan aritu da 2008tik orain arte, eta, Bertsozale Elkartearen berripaperari egindako adierazpenetan esan du egoera oso onean uzten duela elkartea: «Balantze oso positiboa egiten dut, bai pertsonalean eta baita elkarteari begira ere. Hamaika urteotan Bertsozale Elkartea asko hazi da, egitasmoarekin berarekin batera, bertsolaritzaren beharrei erantzuteko».

Aritz Zerainen aurretik, 1987tik 2006ra Koldo Tapia aritu zen lan horretan, eta, jarraian, 2008ra arte Jexux Muruak bete zuen postua. 2.500 bazkide dituen taldea da Bertsozale Elkartea. Zerainen ustez, ezin da denboran gehiegi luzatu zuzendaritza lanen ardura.

«Nik uste, eta bene-benetan horrela sentitzen dut, era honetako elkarte batean 'gidaritza' daramanak ezin duela urte luzez postu horretan iraun: batetik, arlo pertsonalean, postu horrek eskatzen duen energia handia delako, eta, bestetik, aipatu ditugun mugimendu horietara egokitzeko ere komeni direlako aldaketak». Horrela arrazoitu du lantegia uzteko erabakia.

Iazko urtean, elkartearen lehendakaritza sistema aldatzea erabaki zuten, eta Iñaki Murua lehendakari beteranoaren ordez talde-lehendakaritza ezartzea hobetsi zen. Zerainek honela azaldu du aldaketa: «Hamaika urteotan, Iñaki Muruarekin eta Xabier Gaztelumendirekin bizipen ugari egokitu zaizkit, eta izugarri daukat biei eskertzeko. Bi maisu izan dira niretzat; eta elkarte osoarentzat bi erreferente nagusi, izateko eta egiteko moduagatik. Ohartu ginen ezin genituela ordezkatu, zerbait berria behar genuela eta hortik etorri da lehendakaritza eredu berria».

Orain «beste espazio batzuetan» egin nahi du lan Zerainek. Hernanin jaioa, etxean egin zen bertsoen zale. Ondoren, herriko bertso eskolara hurbildu zen eta asko eman omen zion mundu «zoro, baina eder» horrek.

2001eko Txapelketa Nagusian kantatu zuen, eta gero gai jartzaile moduan ere aritu zen.

Temas

Euskera