https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bertso eskolei eskainiko diete Bertso Eguna, Barañainen

Bertso eskolei eskainiko diete Bertso Eguna, Barañainen
MANU CECILIO

Urtarrilaren 26an izango da eta Nerea Ibarzabal bertsolaria eta Edurne Azkarate aktorea izango dira aurkezleak

AMALIA IBARGUTXI

Urtarrilaren 26an izango da Barañainen Bertso Eguna. Nerea Ibarzabal bertsolariari eta Edurne Azkarate aktore eta aurkezleari egokitu zaie saioa prestatzea, eta adierazi dutenez, bertso-eskolako kide guztiek ulertuko duten emanaldia ari dira sortzen. Oholtzaren eta lurraren arteko mugak gainditu eta handik saiatuko dira ikus-entzulearekin konektatzen.

Azkaratek gidatuko du saioa, eta Bertsozale atariak jaso duenez, «oholtzan gaudenen eta publikoaren arteko mugak hausteko aukera» aprobetxatzea da asmoa. »Bertso eskolako kide guztiak identifikatuta sentitzeko moduko saio bat ari gara prestatzen«, azaldu du Ibarzabalek bere aldetik.

Jone Uria Bertsozale Elkarteko Sustapen arduradunak, bestalde, azaldu du gaiaren aukeraketaren atzean dagoena: aurten, Bertso Eskolen Eguna eta Bertso Eguna bateratu dituzte, eta Bertso Eguna ibiltaria eta formatuz aldakorra izango zela ere erabaki zuten. Hortik datoz, beraz, egitarau osoan islatuko diren aldaketak.

50. Bertso Eguna izango da aurtengoa, eta egun osoko egitaraua prestatu dute mende erdizka hori ospatzeko. Goizeko 11:00etan 'Enkarguz' emanaldiaz gozatzeko aukera izango da. Alaitz ikastetxean egingo dute Andoni Egañaren eta Xabi Zabalaren emanaldi berria da.

Bazkaldu aurretik, eguerdian, poteoari ekingo diote. Aitor Servier, Alaia Martin, Andoni Egaña, Arrate Illaro, Eli Pagola, Gorka Pagonabarraga, Mikel Lasarte, Miren Artetxe, Saioa Alkaiza, Sarai Robles, Unai Iturriaga eta Xabi Igoa izango dira jaia animatzeko arduradunak.

Bazkaria ere egingo dute arratsaldeko bertso emanaldia baino lehen, Barañaingo udaletxearen aurreko karpan. Gero, emanaldia egingo dute auditorioan. Han izango dira kantuan Beñat Gaztelumendi, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Maialen Lujanbio eta Xabat Gallatebeitia bertsolariak. Bertso eskola izango dute ardatz, esan bezala, bertan. Txartelak eskuragai jarri daude www.bertsosarrerak.eus atarian.

Bertso Eskolen Egunak bat egingo duenez Bertso Egunarekin, Nafarroako Bertsozale Elkarteak urteroko batzarra egiteko baliatuko du hitzordua.

Temas

Euskera