Bertso Egunaren 51. edizioa izango da urtarrilaren 18an Aramaion
Jarduerak 12:30ean hasiko dira herriko plazan
PAUL PICADO
Asteazkena, 8 urtarrila 2020, 22:40
Urtarrilaren 18an Bertso Egunaren 51. edizioa ospatuko da Aramaion. Jarduerak 12:30ean hasiko da herriko plazan, bertso ibilbidearekin, eta amaitutakoan bertso bazkaria egingo da. Lo egiteko tokia ere izango da, baina hala egin nahi izanez gero, inprimaki hau bete beharko da urtarrilaren hamabia baino lehen.
Aramaioko Udalak eta Aramaioko Bertso Eskolak antolatu dute ekintza, eta plazan arituko diren bertsolarien artean Andoni Egaña, Ane Zuazubiskar, Irati Majuelo, Jokin Uranga, Martin Abarrategi, Oihana Bartra, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Xabi Igoa izango dira.
Esan bezala, ibilbide gidatua egingo dute, eta 14:30ean amaitutakoan, bertsolariak binaka joango dira toki desberdinetara. Horrenbestez, bost bertso bazkari izango dira: Nerea Elustondo eta Unai Iturriaga Ehiztari txokoan izango dira; Eneko Lazkoz eta Miren Artetxe Izarra elkartean; Onintza Enbeita eta Sebastian Lizaso Uribarriko elkartean, Ane Labaka eta Iñaki Viñaspre Zabolako elkartean, eta Jone Uria eta Beñat Gaztelumendi Aramaioko eskolako jantokian.
Bazkarira bertaratu nahi baduzu, txartela atera beharko duzu www.bertsosarrerak.eus webgunean, eta azken eguna urtarrilaren 10a ere izango da. Bestalde, nabarmentzekoa da Uribarri eta Zabolako elkarteetan egingo diren bazkarietarako autobus zerbitzua egongo dela, herrigunetik abiatuz. Uribarrira joateko, 14:30ean abiatuko da, eta Zabolara joateko, 14:45ean. Azkenik, ospakizuna luzatu nahi duenak, hori egiteko aukera izango du, izan ere, 19:00etan Urola erdiko trikitilariak arituko dira, plazatik abiatuz.