https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bertatik bertara: Bermeoko 50 tabernak atun pintxoak eskainiko dituzte udan

Pertsona batzuk, atuna dastatzen, Bermeon./Maika Salguero
Pertsona batzuk, atuna dastatzen, Bermeon. / Maika Salguero

Atuna eta hegaluzearen nazioarteko hiriburu bilakatuko dute herria 'Bermeo Tuna Pintxo tour' ekimenarekin

AMALIA IBARGUTXI

Bermeo atunaren hiriburua bilakatzeko asmoa argi geratu zen Arrain Azokan, 'Bermeo Tuna World Capital' proiektua aurkeztu zutenean. Horren baitan antolatu dute orain 'Bermeo Tuna Pintxo tour' ekimena, atuna zein hegaluzea dastatzeko eta gozatzeko aukera emango duena, herriko 50 tabernak arrain horien pintxoak eskainiko baitituzte.

Irune Ormaetxea Turismo eta Garapen zinegotziak, Bego Gangoiti Turismo teknikariak, Ainhoa Barrena Behargintzako ordezkariak, Karmele Sánchez proiektu horren dinamizatzaileak eta Patxi Erauzkin Bermeoko tabernarien ordezkariak aurkeztu dute ekimena. Azaldu dutenez, 'Bermeo Tuna Pintxo tour' ekimenean parte hartzen duten tabernen plano bat argitaratuko dute, tabernen kokapenaz gain, establezimendu bakoitzak eskaintzen dituenatunaren zein hegaluzearen pintxo argazkiekin.

Taberna horiek, gainera, zigilua emango dute eta, hamar zigilu lortzerakoan Aita Guria baleontzira sarrera irabaziko du zigiluen jabeak. Planoak tabernetan eta Turismo bulegoan egongo dira eskuragai.

Ormaetxeak azpimarratu duenez, gainera, «gure tabernek Bermeoko produktuak erabiliko dituzte pintxoak egiteko, Bermeoko kontserbak edo Bermeoko atun edo hegaluze freskoa, hain zuzen ere».

Irune Ormaetxeak ekimen honen garrantzia azpimarratu du. Bere ustez, «oso positiboa» izango da bisitari, herritar zein tabernarientzat eta «herriko eskaintza turistikoa zabaltzeko ere balio izango du, gure herriak itsasoarekin, arrantzarekin eta atunarekin duen lotura azpimarratuz. Horrez gain, tokiko produktua sustatzeko balio izango du, kontserbak zein atun edota hegaluze freskoa, adibidez».

Ormaetxeak azaldu duenez, 'Bermeo Tuna Pintxo Tour' proiektua Bermeoko tabernariek eta Bermeoko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektuaren dinamizatzaileek elkarlanean landu dute. «Ordu askotako lana izan da, baina uste dugu emaitza ona izango dela, argi geldituko da Bermeo atunaren hiriburua dela, gure tabernek eskainiko duten gastronomiak eta atun edo hegaluze pintxoek horrela erakutsiko dutelako, eta bisitariek eta herritarrek eskaintza hori ondo baloratuko dutela uste dugu», azaldu du.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos