https://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bertako Metal eta Pop Rock Erakusketan izena emateko epea ireki dute

Talde bat, Bertako Metal eta Pop Rock Erakusketan./Kulturklik
Talde bat, Bertako Metal eta Pop Rock Erakusketan. / Kulturklik

Aste Nagusian ospatuko den erakusketaren 34. edizioan parte hartu nahi baduzu izena eman dezakezu ekainaren 9ra arte

EL CORREO

Aste Nagusiko Bertako Metal eta Pop Rock Erakusketaren 34. edizioan parte hartzeko izena emateko epea hasi da asteazken honetan, eta ekainaren 9ra arte egongo da irekita. Bilboko Udalak sustatutako ekimenak talde gazte eta ez profesionalei talentua zabaltzeko plataforma bat eskaintzea bilatzen du. Hortaz aparte, Bilboko Udalak jakinarazi duenez, ekimenaren helburua hasten ari diren taldeen proposamenak zuzenean eta doan entzuteko aukera ematea da.

Zenbait taldek hartu dute parte 1985ean hasitako ekimenean. Hala nola, Platero y Tú, We Are Standard, Penadas por La Ley, Zodiacs, Gora Japon, Zea Mays, Idi Bihotz, Atom Rhumba, Audience, Los Brazos, Memoria de Pez, Porco Bravo, Eureka Hot 4, Ainara Legardon, Smile, Rise To Fall, Unbreath, Eneko Mobydick, Rubia, Dekot edo Zazkel moduko taldeak igaro dira erakusketatik.

Horrela, 34. aldian parte hartu ahal izateko izen-ematea hemen klikatuz egin ahalko da. Bizkaian bizi diren bakarlariak eta musika taldeak aurkez daitezke, eta gutxienez kide batek Bizkaian egon behar du erroldatuta.

Emakumeek osatutako taldeak

Kontzertuetan metal, pop-rock, folk, rap, hip hop eta abarretan (jazza izan ezik) sartzen diren musika estiloak entzuteko aukera izango da, eta 15 banda finalistak hautatzeko, epaimahaiak bereziki hartuko ditu kontuan emakumeek osatutako taldeak eta euskarazko lanak. Kazetari eta musika kritikariek osatuko dute epaimahaia.

Bandek eta artistek inprimaki bat bete beharko dute izena emateko, eta honako hauek aurkeztu inprimakiarekin batera: jatorrizko lau kanta, mp3 edo wav formatuan; argazki bat jpg, bmp edo png formatuan; artistaren edo taldearen historia edo biografia, doc, docx edo pdf formatuan.

Erripako kaia, Unamuno plaza, Areatza, Bailen kalea eta, gaur egun, Bilborock aretoa izan dira erakusketaren agertoki, eta emanaldietan 194.000 ikus-entzule baino gehiago bildu dira 34 edizioetan. Metal For The Crew eta Beste Jack elkarteen lankidetza du lehiaketak.

Temas

Euskera